Jon Artano

0

1978an Zestoan jaioa, EITB taldeko Latinoamerikako berriemaile izan da hiru urtez, eta hainbat une historiko bizitzea tokatu zaio han: besteak beste, Fidel Castroren heriotza, Lopez Obradorren garaipena Mexikon eta Bolsonarorena, Brasilen. Euskadi Irratiko Amarauna saioan dihardu orain.

Gustuko dituen euskarazko hiru libururen izenak eskatu dizkiogu. Hona, bere HIRUKOA:

NI EZ NAIZ HEMENGOA. Joseba Sarrionandia (Pamiela, 2006)
Villa Devoto presondegian, apirilean izkiriatua, (Crisis, 2. 1973) Amodio hitzarmenetan aldarrikatzen denez, ezkontide bakoitzak bere burua ukatu behar luke espos-bizimoduaren fagoretan. Desmemoriaren erresuman faxistek beren iragana ahantzi nahi ukan zuten eta –trukean– kargudun berriek beren burua ukatzean geroa saldu zuten; beren asmoetarik ihesi «zanpaketa euskarri»aren eredua gotortu zuten.
Frankismoaren bestondoan erabakigabeko nahikari frango nahastekatzen ziren. Ez da harritzeko, bada, gurean, porrotaren sentikera zabaldu izana eta, hari iharduki nahiz, politikabide suerte guztiak, herritar armatuen ekintzak tartean. Duela mende laurden batto halako laupabost erakunde ari ziren Euskalherri beregain baten aldeko gatazkan. Taldekideen asmotan Sozialismo hitza ere aipatzen zen.
Gauzak horrela ez da espantuzko, egoera sotilagoa ga-ratzearekin batera, Diktadurapeko langile polizero eta zaindari berberek beren gobernamolde berriaren defentsan azpiratzea areagotu izana, ezta egin sarraskiak (Jurramendi, Gasteiz), bahiturak (Pertur eta Naparra, kasurako), torturak –kontagaitz– eta era guzietako zafraldiak.
Halako sarekada batean,1980ko akabailan, beste lagunekin batera –horien artean Jose Mari Sagardui Moja, oraindik preso–, Sarri atxilotu zuten.
Lehen urte latz haietan, Puerto de Santa Marian, lehenik, Herrera de la Mancha presondegi berrian, geroxeago, gose grebak metatu ziren, lehen buru-hiltzeak gertatu eta 1984. urtea, osorik abantzu, zigor ziegetan, bakarturik, eman zuten. Beranduago FIES (Ficheros Especiales) izenez legeztatu zuten euskal presoen larrumintzek aspaldi zekitena.
Hitz oroituak, gogoetak, eskarmentu, jipoi, lekukoen eritziak, izkirio debekatu eta isiltasunaren fruitu izan zen Ni ez naiz hemengoa liburu harrigarria; orduko leizaleok gertaldi bakan baten antzo ikusi genuena. Izenburua, iduriz, Paco Urondoren poema batetik hartua zuen; egilea, «Frente Montonero»en taldekoa, urte guti lehenago tiroz hila zen Argentinan.
Egunkari itxuraz moldatu liburu eder honek plazaratu beharrezko iduri luke egun, fede gutiagoz, begiak lausoturik, lanhopean gabiltzala. Izan ere, hogoitaka urteren buruan jakin baitakigu zorigaitzak eta jalgibideak, zaldi suber eta asunak leku beretsuetan hazi eta alhan direla. Desadorea eta etsipenaren predikariei aitzi, bestalde, Sarrik presente jasanezinaz egiten digu solas, orobat irlandar baladen gazteen lurraldeaz, Pierre Clastresek aipatu gaitzik gabeko lurra etorkizun.

BIHOTZ HANDIEGIA. Eider Rodriguez (Susa, 2017)
Arroztasun sentipena dute Eider Rodriguezen sei ipuinetako pertsonaiek: nolakoa izaten ari da bikote bizitza hau, zein desio ote ditu auzokide perfektuak, nor bihurtu gara sute ikaragarriaren ondoren, ginekologoak erakutsiko al dit nolakoa naizen barrutik, zer espero zuten izango nintzela, norenak dira esku hauek.
Konplexuak eta arruntak dira aldi berean hemengo bizilagunak, jarrera ideologikoaren eta irrika eutsiezinaren arteko lehian dabiltzanak batzuetan, zalantzati edo kontraesanean, baina gorabeherei aurre egiten beti.

ENAZ BANAZ. Xabier Amuriza (Bertsozale Elkartea, 2000)
Behin Abadinon saio berezia gertatu zen, Bilboko Gotzaina be, gizon txikia eta berdea, gure Gurpide inefablea, etortekoa baitzen. Eta ni bertsotara deitua! (…) Orduan Gotzain baten etorrera parafernalia totala izaten zen, agintari erlijiososak, zibilak eta falange guztia inguruan (…) Orduantxe entzun neban, lehengoz eta azkenekoz, Gurpide Monsinorea euskeraz berbetan. Eta bere Otsagiko “uskara” dotore egiten eban barrabanak! (…) Pentsetan neban: “Zelan ixen leik Gotzain txiki hau euskerien da Euskal Erigen hain arerijjo handijje?” (…) Irrikaz eta artega nengoen, Gurpideren arpegi txunditua imajinatuz, hak ez baiteban inondik be itxaroten bertsolarietako bat bere “abade errebeldea” izando zenik. Segizino osoa balkoi handian zegoela, (bazen han bandera espainolik eta trapo santurik ugari), guk ondoko etxeko balkoitik ekingo geuntson. Kantuan hasi nintzenean, Gotzainari begirik kendu barik, haren arpegio, kinpula gorri bat betaurreko tridentikoanaz, kirikinorantz transfiguratzen ikusi neban. (…) Ez dakit zelako saioa izando zen, baina, lotsabakoa izaten ahalegindu barik, ziur naz ez nebala euskera, Euskal Herria eta antzeko kontzeptuak kantazteko aukerarik galduko. Entzuleek ohiko txaloak jo ebezen, halaber agintariek, gizalegeak agindu lez, eta gure Gotzain txikia txalotzera beharturik, agian apaldurik, ikusteko plazerra izan neban.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments