Joserra Senperena

0

Piano-jotzaile eta musikagilea (Donostia, 1965). Pop-rock estilora, zinemara, antzerkira edota literaturara eraman du musikagile lanak. Bide Ertzean, Fito&Fitipaldis, 21 Japonesas, Duncan Dhu eta La Buena Vida taldeetan aritu da eta bakarka ere hainbat lan argitaratu du.

Noizbait gustuko izan dituen euskarazko hiru libururen izenak eskatu dizkiogu. Hauxe da bere HIRUKOA:

TXIPIROIAK BERE BELTZEAN. Rafa Egiguren (Susa, 2019)
Japonian misiotan dela antzerki zuzendari batekin pilota apustua egiten duen jesuita; Donostiako Alde Zaharrean Pintxo Tasting Tour batean dabilen bitartean molotov koktelak hegan ikusten dituen kataluniarra; 36ko gerraostean, ezkonbidaia Santoñan preso duten senidea bisitatzeko baliatzen duen bikotea; Euskal Herriko etxe baten eta jabearen bilakaera kontatzen dituen xurgagailu japoniarra; antolakunde klandestino batean, bikotekidearen kontrako ildoa aukeratzen duen militantea; XVI. mendeko Txinako nobela batetik ateratzen den pertsonaia, donostiar baten desioa betetzeko… Askotarikoak dira ipuinotako protagonistak eta gaiak.
Ustekabeko tokietan aurkituko du umorea irakurleak Rafa Egigurenen hamahiru ipuinotan. Liburuek, klandestinitateak, antzerkiak, zahartzaroak zeharkatzen dute idazlearen aurreneko ipuin bilduma. Eta bere lanetan ohikoa den Ekialdeko kulturak.

ITURRIA. Unai Elorriaga (Susa, 2019)
Pedro Iturriak obsesio bat dauka: ipuin itxurako testuak idazten ditu. Ez dakigu jatorriz zer hizkuntzatan idazten dituen, baina badakigu Txekian txekieraz argitaratzen duela, Hungarian hungarieraz. Soro Barturenen gaztetako laguna da Iturria, eta Sorori iruditzen zaio berari buruz ari dela ipuinotan, berari begira idazten dituela.
Horregatik ari dira agian Soro eta Erroman Iturriaren bila Europan zehar: hegazkinak hartzen, hoteletan lo egiten, laster laurogei urte izango dituzten arren. Herrialderen batean Iturriaren ipuinen bat argitaratu dela dakiten bakoitzean hara abiatuko dira: itzultzaile bat lortu, ipuina irakurri, Iturria non bizi den ikasi… Baina ez dute hain erraz topatuko laguna.
Ipuin liburu bat biltzen du Unai Elorriagaren nobela berriak, eta adiskidetasunari, literaturari eta zahartzaroari buruzko begirada pertsonala gordetzen du.

XABIER LETE – (AUTO)BIOGRAFIA BAT. Inazio Mujika Iraola (Alberdania, 2011)
Liburu honetan Mujikak egin duena izan da Xabier Leteri egin zizkioten hainbat elkarrizketa bildu, transkribatu eta Leteri berari aukera eman bere bizitzaren berri eman diezagun, bere lanaren berri, bere bizikizunena, bere fedearena, bere adiskidetasunena, iritzi politikoak, kantuari buruzko iritziak, gure herriari buruzkoak eta herritarrei buruzkoak. Elkarrizketagileak desagertu egiten dira (liburua prestatu duen egilea bezala) eta Xabier Lete berak hartzen du protagonismoa.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments