Francisco Castro (Vigo, 1966) idazle galiziarrak Tantos años de silencio liburua kaleratu zuen galegoz urte hasieran, berak zuzentzen duen Galaxia editorialaren eskutik. Alberdaniak euskaraz argitaratu du, Isiltasun urte luzeak izenburupean, Mitxel Murua Irigoienen itzulpenari esker. Kontakizunaren hasieran Galizian kokatu gaitu egileak, Flaviako Memoria Historikoaren Elkartea Gerra Zibilean eraildako gorpuean bilaketan eta identifikazioan ari baita Flavia jauretxean. Ezustean, emakume baten gorpua aurkitu dute hilobi komunetik kanpo, besoen artean liburu bat duela. Gorpuak lurpetik ateratzeko operazioaren zuzendaria den Anxela, emakume haren eta liburuaren egilearen arrastoari tiraka tematuko da, egia osoa jakin nahian. Horrek, 1936ko abuztuan kontzentrazio-esparru bihurtutako jauretxe hartan izandako gertakizunetara eramango gaitu; garai hartan bertako nagusi zen Emilio Varela medikuaren, haren seme-alaben eta bertan preso hartu zituzten errepublikanoen gorabeheren berri izango dugu.
Bi garaitan kokatzen da elebeberria: milurteko honen hasiera aldean eta Gerra Zibilean. Dokumentazio lanean aritu beharko zenuen, ezta?
Ezinbestekoa izan da eta dokumentazio lan handia egin dut. Argi izan behar nuen preso errepublikanoak zer baldintzatan bizi ziren frankisten kontzentrazio-esparruetan, zer egiten zieten, zer egitera behartzen zituzten, goizaldean presoak hiltzera eramateko agertzen zen furgoneta zer ordutan iristen zen…
Fkziozko istorioa izan arren, gertaera, erreferentzia eta paralelismo historikoak daude. Kontakizuna ahalik eta modu zintzoenean egiteko erantzukizuna sentituko zenuen…
Bai, hori izaten da guztion erronka idazten dugunean. Kontakizunak egiantzekotasuna izan behar du edozein egoeratan, zer esanik ez, bizi izan ala ez, denen oroitzapenetan hain presente dagoen une historiko batera gerturatzen bazara. Izugarrizko erantzukizuna izan da. Topikoetan, aldez aurretik neuzkan ideietan edo manikeismoan erortzeak kezkatzen ninduen. Horregatik, erabakigarria izan da gauzak benetan nola izan ziren jakitea.
Posizio ideologiko jakina hartu duzu gertaerekiko. Inoiz pentsatu al zenuen beste modu batean kontatzea?
Ez, hasieratik horrela egitea pentsatu nuen. Literatura, bizitzan beste guztia bezalaxe, ekintza politikoa da, eta nire obra osoa politikoa da. Pablo Picassok Gernika koadroa beste modu batera margotu al zezakeen? Begirada politikoa dago gaiari heltzeko garaian. Konparaketarik egin gabe, nire helburua bera da. Literaturak, arteak oro har, gertaerak izan ziren bezala kontatzeko betebeharra du. Neutraltasuna ez da posible. Nik ezin dut behintzat.
Memoria historikoa da gai nagusietako bat. Oztopo ugari izan dira lan horretan jarduteko. Nola ikusten duzu kontua une honetan?
Beti bezala ikusten dut, frankismoak hor jarraitzen baitu Francorik gabe ere. Raxoiren garaian, Espainiako Estatuak ez zuen xentimorik ere jarri oraindik bide bazterretan daudenak bilatzeko. Eta orain, zertxobait hobeto egonagatik, ez da harro egoteko modukoa. Francoren ondorengo frankismoaz hitz egiten dugu, eta zerbaitegatik da. Izugarria iruditzen zait zenbait politikari garrantzitsuk memoria historikoaren lanaren kontrako jarrera izatea, espainiarren arteko zauriak irekitzen dituela eta. Norbaitek aitona lur azpian izan eta estatuak ez bilatzea da zauriak ixtea eragozten duena. Errepresioak jarraitzen du, beraz.
Isiltasunaren inguruko bi esaldi esanguratsu daude liburuan: bata, isiltasuna ohitura bihurtzen dela eta ohitura isiltasun; eta, bestea, isiltasunak denbora luzean gobernatu duela, patriarkatuaren biktimak, faxismoarenak, usteltzen diren bitartean.
Horrelaxe izan da eta hala izaten jarraitzen du. Faxisten matxinadak sortutako gatazka bukatu zenean, isiltasuna inposatu zuten, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Gertatu zen, ordea, eta ez zen nolanahikoa izan, gainera. Trantsizio famatuaren garaia ere isiltasun ariketa izan zen, ‘barkamena’ eta ‘adiskidetzea’ terminoekin izendatu bazuten ere. Zer adikidetze klase egon daiteke justiziarik egiten ez bada? Argentinan, Txilen eta beste hamaika tokitan, euren diktadoreak justiziaren aurrean jarri zituzten. Hemen, goretsi egin zuten. Duela gutxi atera zuten diktadorearen momia, eta estatuko agintari baten ohorez ia.
Biolentzia oso presente dago kontakizunean, hainbat modutan: errepublikanoen kontrakoa, emakumeen aurkakoa…
Nobelaren tesietako bat da biolentzia bera dela edozein garai eta lekutan; batez ere, emakumeen aurkakoa, eta, bereziki, emakume aske, irakurzale eta pentsamendu propioa dutenen kontrakoa. Patriarkatua beti bera da garai historikoa dena dela ere.
Guztiak oihartzun garaikidea du: ideologia ezberdina dutenen arteko talka, gorrotoa, errepresioa, biolentzia…
Ez gara asko aldatu, eta aldatutako apurra, okerrera. Hor dago VOX, faxismoa okerrenaren oinordekoa, milioika boto jaso dituena. Ez da gaien kontua, garen zomorroa gara eta ezin diogu hori izateari utzi.
Beldurra arnasten da une oro: batzuk ezkutatuta daude; besteak preso, hiltzeko zain; eta Anxela urruntze aginduan duen senar ohiarengandik ihesi…
Bai, hala izatea nahi nuen; pertsonaia guztiek, garai ezberdinetakoak izanik ere, elkarren berri jakin gabe, beldurraren gaitza bera dela ulertzea. Hortaz elikatzen dira tiraniak, jendearen beldurraz, isiltasunaz. Horregatik du nobelan horrenbesteko garrantzia isiltasunak. Beldurrak isiltasuna sortzen du, eta isiltasunak, heriotza.
Orain dela gutxi estreinatu zen La trinchera infinita filma. Beldurraren alegoria zela aipatu zuten zuzendariek. Biek, filmak eta liburuak, bat egin dute denboran. Ez dakit filma ikusi duzun…
Ez dut aukerarik izan. Orain (elkarrizketa egindako garaian, martxoaren amaieran) berrogeialdian gaude eta, nolabait, aldeak alde, denak gaude moduren batean konfinatuta. Uste dut ona dela biek garai bertsuan bat egin izana, ona dela ehunka pertsonek bizi izan duten egoera honi buruzko liburuak eta filmak egiten jarraitzea; beldurrak loturik, ezkutatua, animaliak bezala.
Filmean gertatzen den moduan, pertsonaietako batzuei maitasunak ahalbidetzen die aurrera jarraitzea.
Bai, maitasunaren botere salbatzailean sinesten dut. Maitasuna zeharo, sakonki, antifaxista da. Faxismoak ez du maitatzeko gaitasunik, horregatik erasotzen dute gizon eta emakume baten artekoa ez den lotura oro eta, noski, katolikoki bedeinkatuak izan behar dute. Maitasuna zen egoera latz hartan zuten argi bakarra. Nobelak bizitza oso bat justifikatzen duen maitasunaz dihardu. Hori da guztiok gure bizitzako uneren batean bizi beharko genukeen maitasuna.
Aldi berean, maitasunarekin nahasten diren harreman toxikoak daude: Dariok Anarekin duena edo Anxelak senar izandakoarekin…
Bai, maitasuna jabetzarekin nahasten duena. Inork ez du inoren jabe izateko eskubiderik. Norbait nirekin baldin badago, jakin dezala ez dela nirea. Ni ere ez naiz maitatzea erabakitzen dudan pertsonarena.
Anxelaren pertsonaiarekin, tratu txarrak jasaten dituen emakume irakasle eta jantzi baten profila sortu duzu, memoria historikoaz eta pertsonez kezkatzen dena.
Hala da, hori zen nire asmoa. Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeez aritzerakoan, hirien kanpoaldean bizi diren emakumeei soilik gertatzen zaiela pentsatzen dugu, prestakuntzarik gabeko testuinguru sozioekonomiko baxukoei. Baina ez da hala. Zoritxarrez, gizarte osoa zeharkatzen duen kontua da. Emakume mota guztiei gertatzen zaie, baita Anxela bezalakoei ere, oso ondo prestatuak daudenei eta prestigio intelektual apur bat dutenei.
Literaturaren eta kulturaren garrantzia ere nabarmendu nahi izan duzu, gizarteak aurrera egin dezan, pertsona askeagoak eta hobeak izan gaitezen.
Bai, poesiaren eta literaturaren botere salbatzailea beti agertzen da nire liburuetan. Zentsura aplikatzea, liburuak erretzea eta intelektualak erasotzea izaten da diktadoreek egiten duten lehen gauza. Uste dut Errepublika izan zela kulturarekin izan genuen azken maitasun istorio handia. Gero, liburuen boterearen ukatzea izan zen, Jose Millan Astrayren Muera la inteligencia normal bilakatu zen. Eta gaur egun, azkenik, hobeto gaude baina, esaterako, alarma egoera ezarri eta gero, Espainiako Gobernuak ez zuen kultur-enpresak laguntzeko xentimorik ere aurreikusi enpresak babesteko neurrien berri ematean. Hezkuntza da faxismoaren aurkako antidoto bakarra.
Liburuan aipatzen da mundua berregiteko gogoa pizten zaiola jendeari tarteka, dena goitik behera aldatzekoa.
Bai, Emilio Varela medikuaren esaldia da. Berak mundua aldatu nahi du hezkuntzaren kulturaren eta pentsamendu askearen bidez. Eta faxistek aldatu egin nahi dute, baina okerrera. Amaitu beharko litzatekeen joera konstantea da, ez dagoen tokian demokrazia sendotzeko ez bada. Argi izan behar dugu munduak merezi duela aldatzea, baina demokrazia ukiezina dela. Eta egun, Europan muturreko eskuinak izan duen berpiztearekin, ideia hori arriskuan dago.
Sufrimenduak sufrimendu, bada esperantza oraindik.
Bai, noski. Baikor petoa naiz. Iluntasuna izanik ere, beti da argia nonbait. Ia ikasketarik gabeko bi borrokalariren semea naiz, ni eta nire anaia aurrera atera gintuzten etorkizun hobea izateko. Ez dut hori ahazten.
Liburua euskarara eta katalanera itzuli dute. Hizkuntza gutxituen komunitateek, bereziki geografikoki gertuen daudenek, ez al lukete elkar gehiago babestu beharko eta elkarren kultur sorkuntza zabaltzen lagundu?
Zalantzarik gabe. Editorea naiz eta bazterreko editorial horietako kideei etengabe gogorarazten diet. Siux erreserba bat gara. Elkar babestu eta elkarrekin borrokatu behar dugu, globalizazioak irentsiko gaitu bestela eta, orduan, betiko desagertuko gara.