Behin eta berriz azaltzen zaidan kristalezko begia

0

Kristalezko begi bat
Miren Agur Meabe
Susa, 2013
111 Akademiaren Saria 2013

2013 urteko udaberrian Kristalezko begi bat liburuaren jatorrizko edizioa argitaratu zenean, borborrean zebilen nobela eta liburu kritikarien artean autofikzioaren gaia. Miren Agur Meaberen liburuaren inguruan egin zizkioten elkarrizketa guztietan egin zizkioten hari ere antzeko galderak. Zenbat zeukan autofikziotik, zenbat ez-fikziotik, zenbat fikziotik, zenbat autobiografiatik, zenbat bere bizitza pertsonaletik. Zenbat, zenbat, zenbat. Horren bila dabilenak ez du apreziatuko liburu honen benetako balioa eta nire ustez euskal literaturaren utzi duen arrastoa.

Arrasto esanguratsua diot, narrazioak darion sentiberatasuna eta lirikotasuna dotoreziaz kontatzen dituelako adabakiz osatutako kontakizunean. Emakume baten mintzo zintzoa da, literalki narratzailearen biluzte bat, ahalkerik gabe; emakumearen leku intimoetara bidaia, mamografietara, klimateriora, zahartzen ari den gorputzaren inguruko hausnarketa eta kezketara, hilerokoak sortzen dizkion aldarteetara, bizitzako hainbat sentsazio eta bizipenetara. Narratzaileak barreneraino sartuta duen desamodioaren eta minaren kontaketa zorrotza dela ere esango nuke, min horren intentsitatea irakurlea sentitzera iristen delako. Sexua, amodioa, harremanak, izatea, beldurrak, zahartzaroa, gaztaroa eta mina, denak biltzen ditu liburuak. Mina eta zoriontasunaren arteko saltoak ere nabaritu nituen, familiako hainbat harremanetatik pasatuz, liburu hau irakurri artean euskal literaturan irakurriak ez nituen bezala kontatuak. Estiloari dagokionean planteamendu modernoa du liburuak, genero literario ezberdinen nahasketa maisutasunez lortzen du, euskara landuaren erakustaldia behin eta berriz eginez.

Kristalezko begi batek ematen dio kohesioa narrazioari. Meabek glaukomaren kausaz galdu zuen begia eta elementu horrekin hain zuzen ere narratzailea eta idazlearen identitateek bat egitea eragiten du. Begiaren absentzian kapitulu solteak eta askotan elkarren artean erlaziorik gabekoak izango zirenak, konsistentziaz lotzen ditu kristalezko begiak. Gainerako kapituluei ere errealtasun oraindik zorrotzago bat ematen die. Gertaerak uztartu ahala zentzua hartzen duen soineko bat zela bizitza esaten zuen Meabek, bere ama jostun izandakoari erreferentzia eginez. Ederra iruditu zitzaidan. Begiarekin jositako soinekoa da liburu hau.

Zazpi urteren ostean liburua berriro ere irakurri dudanean, Annie Ernaux ekarri dit gogora; idazle frantsesaren lan ia gehienak irakurri ditut eta badago mintzo onesta eta ausart bat konparagarri bietan. Hain zuzen ere, norbaiti gomendatzeko liburu bat aukeratu nahi dudanean, liburuko hitzetan esaten den hori “benetakoa” izatea bilatzen dut; filtrorik gabekoa, liburuak saltzeko arrazoi oportunistikoetatik at. Audientzia jakin bat jomuga izanda idatzitako lan neurtuak ez dira izaten nire lehenengo aukeraketa. Irakurleak zer pentsatuko duen horrek mugatu gabeko idazlanek erakartzen naute. Onesta bada, eta benetako izate hori ongi komunikatzea lortzen bada, hori da niretzat liburu baten arrakasta. Kristalezko begi bat liburuak zintzotasuna hainbeste mailatan lortzen du. Bihotza jartzen du bere narrazioan Meabek, askatasunez eta zintzotasunez idazten duela zalantzarik ez dago lehenengo orritik azken paragraforaino: “Hauxe antsiatu dut, preseski: argumentu sinple bat esaldi zehatzetan eta logikaz trenkaturiko paragrafo laburretan ematea, neure bizipenen bermearekin, heltzear den itxaropenaren bulkadarekin”.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments