Ane Zabalaren hirukoa

0

Radio Euskadin eta Hamaika Telebistan hainbat urtez ibili ondoren, Bilbo Hiria Irratian dihardu egun Ane Zabalak (Bilbo, 1975). Aktore gisa, besteak beste, ‘Babeserako kopia’ performancean ikusi genuen Galder Perezekin eta Goizalde Landabasorekin.

Gustuko dituen euskarazko hiru libururen izenak eskatu dizkiogu. Hauxe da bere HIRUKOA:

Publizitatea

NORA EZ DAKIZUN HORI. Irati Jimenez (Elkar, 2009)
Idazle gazteentzako Igartza bekan akzesita lortu eta haren laguntzaz plazaratu zuen Irati Jimenezek bere lehen eleberri luzea, idazkera eder eta sendoz fikzioaren magia berreskuratzen diguna, maiteminduen ipuinak eta ipuinekin maitemintzea.
Batetik Martin dugu, urtetan munduan barrena ibili ondoren Bilbora itzuli dena, argazki-erakusketa bat egiteko asmoz, eta hor non ikusten duen, hainbat hiritan egindako erretratuetan, emakume bera agertzen dela beti, erdi ostenduta. Bestetik Nora, irratian gaua bere ahots eztiaz janzten duena, baina hainbat sekretu gordetzen dira haren etxean, gaziak eta gozoak. Maitasun ezinezkoak eta kasualitate gertagaitzak topatuko dituzu eleberri honetan, likantropoak eta banpiroak, arima erosten duten aingeruak, ama hil ostean jaiotako haurrak, magoak, bidaiak, ipuinak… Pasioz eta liluraz beteriko liburua, jario hordigarri batez idatzia, amodio debekatuek bezala utzi ezinezko sorginkeriaz lotuko zaituena.

ENE BAITAN BIZI DA. Maddi Ane Txoperena (Elkar, 2020)
Aitari zerbait entzunik, amatxiren bizipenen gibeletik abiatzen da Marie, Donibane Lohizuneko gaztea, Parisko ikasketak bururatzeko egin behar duen azken memoria lanerako. Ez zaio erraza suertatuko, ordea, amatxik ez baitio nahi duena emanen, eta Mariek berak ere ez baitaki zeren bila dabilen, xuxen… Kutxa batean gotorturiko oroitzapen zatiak balira bezala jasoko ditu irakurleak Josefinaren gazte garaiko amets, pentsamendu eta bizi-minak, Marieren begiradapetik. Askotariko istorioak gurutzatzen dira Maddi Ane Txoperena Iribarrenen lehen eleberrian: 1950.eko hamarkadan Ipar Euskal Herrian eta Frantzian neskato ibilitako emakumeen errealitateak, lehengo eta oraingo maitasun eta desamodio istorioak, laneko sufrimenduak, gatazka politiko baten ondorengo testuinguru baten ezinak, amatxi-biloba eta alaba-guraso harreman korapilatsuak… Guzia etorkizunaren eta orainaren arteko zubi jolas batean.

AMEK EZ DUTE. Katixa Agirre (Elkar, 2018)
Bi emakume, bi ama gazte: batek (Jade/Alice) bere ume bikiak hil ditu, bere eskuz baineran itota. Bestea, nobelaren narratzailea, bere haurraz erditzerakoan, bat-batean ohartu da ezagutzen duela ama hiltzaile hori, aspaldian haren berri izan ez badu ere; Jade/Alicerekin eta haren ekintzarekin obsesionatuta, gehiago jakitea erabakiko du, hartaz ikertzea eta horri guztiari buruzko eleberri bat idaztea.
Sorkuntza esaten diogu artista baten lanaren emaitzari; sorkuntza da halaber haur bat mundura ekartzean ama batek egiten duena. Bi sortze mota, bata bestearekin zerikusirik gabea, kontraesankorrak ere bai agian? Sormenaren bi alderdi horiek eta bien arteko harremanak arakatu ditu Katixa Agirrek bere bigarren nobela honetan, irrikaz irensten den fikzioa erakiz eta aldi berean gogoan luzaroan geratzen diren hausnarketekin aberastuz.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments