1994an Alegian jaioa, 2014ko ekainaren 28an egin zuen debut profesionala Tolosako Beotibarren, eta urte bereko azaroan promozioko lau t’erdiko finala irabaziko zion Jokin Altunari. Asteotan jokoan den Masters Caixabank txapelketan erakustaldia ematen ari da aurreko koadroetan.
Gustuko dituen euskarazko hiru libururen izenak eskatu dizkiogu. Hauxe da bere HIRUKOA:
FAKIRRAREN AHOTSA. Harkaitz Cano (Susa, 2018)
Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta, trukean, inoren arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasten denean. Garai horretan jasoko du bigarren larru izango duen goitizena: Fakirra.
Baina ahotsa urteekin legez, aldatuz joango da bere ikuspegia, bai eta bidaideekiko harremana ere. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra…, mundua iraultzen saiatu zen belaunaldi baten erretratua da lau hamarkadatan luzatzen den nobela hau, sortzailearen hauskortasuna, musikaren ahalmen katartikoa, bizitza bohemioa eta denboraren igaro lasterra bezalako gaiei buruzko hausnarketaz betea eta errealitateari maileguan hartutako pasarte eta pertsonaiez josia.
Zuzia irenstean erretzen ez dena da Fakirra; minari eztarrian behera bultzatzen diona. Zer dauka, ordea, esateko? Zein da bere benetako ahotsa?
ETXEAK ETA HILOBIAK. Bernardo Atxaga (Pamiela, 2019)
Errealitatearen labirintoan sartu eta barrutik hitz egitea da idazlearen lana Bernardo Atxagaren ustez: “sentimentuak harrapatu eta egiak azalerazi”. Etxeak eta hilobiak sekula idatzi duen nobelarik konplexuena dela dio. Irakurleak, berriz, jauzia nozitu gabe egingo du errealismotik surrealismora, bihotza uzkurtu eta irribarre. Atxagaren azken eleberria da hau izatez baina baita desioz ere. Beste leku (literario) batzuk bisitatu nahi ditu aurrerantzean; txikiagoak neurriz baina ez sendotasunez.
AMAREN HERIOTZAK LIBREAGO EGIN NINDUEN. Mari Luz Esteban (Pamiela, 2013)
Harekin izandako eztabaida sutsua, ureetako jarduna, da abiaburua. Harekin aurrez-aurrekoan, bereari eusten, bera eraikitzen hasi zen. Beraren kontra baina, nolabait ere, beraren baimenaz, inoiz errieta etorriko ote zitzaion beldurrari ukoaz, bere erabakimena haundituz joan zen. Amaren faltan, amaren aurrean nork bere burua zuritzetik libratuz, libreago izan zen. Eta orain, hutsunea eta askatasunaren ehundura gordinean, badaki hren heriotzaren egunean bigarren aldiz erditu zela berataz, eta semeari begiratzera behartu zuela.
Eta orain, semeari begira, burutik pasatzen zaio akaso bere heriotza bere askatasunaren ongarri ere inoiz izango dela, eta hori pentsatzeak, onartu beharra dauka, min latza eragiten dio sabelean.
Bitartean, laztanak eta kariñoak egiten dizkio, konpartitu ere barreak eta irakurgaiak, eta eztabaidak, sutsuak, kupidarik gabeak. Semea ere horrela libre izaten ikasteko gai izango ote den itxaropenean, eta hotzikaran.