Zertarako asmatu, konta baliteke?

0

Kazetarien gaitza izango da, akaso: errealitateak hainbeste material ematen duenez, fikzioak zertarako balio ote duen galdetzea, alegia. Zertarako asmatu pertsonaiak eta istorioak, aldamenean dauzkagunak interesgarriagoak badira? Zertarako asmatu gezur berriak (barkatu), egia zaharrak (ulertu didazu) oraindik kontatzeko baldin badaude?

Rodolfo Walshen Operación masacre gogoangarriaz akordatzen naiz, noski. Baina, denboran eta espazioan gertuago, Jean Echenozen trilogiaz ere bai (Ravel, Lasterka, Tximistak).

Kazetariaren kezkak bultzatu zuen Walsh, eta idazlearen bilaketak Echenoz. Literaturaren baliabideak erabili zituen lehenak, egunkarietan argitaratu nahi ez zuten fusilatze batzuen istorioa kontatzeko. Literaturaren kontamoldeei biografia errealen materiala erantsi zien bigarrenak. Esan liteke batez ere kazetaritzatik duela gehiago lehenak, eta literaturatik duela gehiago bigarrenak.

Bi iturri horietatik, esku artean dudan liburu honek ez dakit non duen sorburua.

Miñan izena du. Eta minez betea dago, baina miñan beste gauza bat da: anaia edo arreba txikiagoari esaten zaio horrela, pularrez. Anaia Handia sekula baino indartsuago dagoen garai hauetan, anaia txikia bilatzeko Afrika eta Europako hegoaldea zeharkatu dituen migratzaile baten bidea kontatzen du.

Egilea zein desn esateko, zalantzak dauzkat. Ez dakit Amets Arzallus Antiak idatzi duen Ibrahima Balderen istorioa, edo Ibrahima Baldek kontatu duen bere istorioa Amets Arzallus Antiaren eskuetatik. Batek materiala jarri du, eta besteak eskua.

Non sailkatu behar dugu liburu hau: kazetaritza berria esan zitzaion horren sokan, edo literaturaren sailean? Tira, sailkatzeko lanak beti dira debalde samarrekoak. Kazetaritza da? Literatura da? Bizitza eta heriotza soka baten dantzan ebazten diren garai eta lur hauetan, ezer balio ote du kazetari aspertuaren galdera horrek? Istorioak balio du. Kontakizunak. Esateak. Jakinarazteak. Ez ahazteko egiten ditugun ariketa horiek.

Eta istorio gogorra da. Bizitza den txiripa garbi erakusten du. Eta latitudean zenbat eta beherago, orduan eta txiripago. Kontatzen merezi zuen istorio bat. Egiazko istorio bat.

Baina ez da materialarena meritu bakarra. Amets Arzallusek asmatu egin du Ibrahima Balderen ahotsa euskaraz birsortzen. Kapitulu motz eta bizietan istorioa bikain aletzen doa, pertsonaiaren izaera osatuz pixkanaka eta pasadizoak bata bestearekin kateatuz. Debaldeko luzapenik eta itzulingururik gabe. Ongi landutako estilo xumez, hizkuntzen ugaritasunarekin jolastuz, lortu du Ibrahima Baldek irakurleari belarrira hitz egitea. Eta kontatu beharrekoa zen istorio bat kontatzea.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments