Aizpea Goenagaren hirukoa

0

1959an Donostian jaioa, ‘Zeru horiek’ eta ‘Sukalde kontuak’ filmak zuzendu ditu. Zineman, antzerkian zein telebistan sarri ikusi dugu aktore lanetan, eta zer esanik ez gidoilari gisa. 2011n Simone de Beauvoir saria jaso zuen bere ibilbide profesionalagatik.

Gustuko dituen euskarazko hiru libururen izenak esaktu dizkiogu. Hauxe da bere HIRUKOA:

Publizitatea

GARBIÑE. Katalina Eleizegi (E. Lopezen etxea, 1917)
“Antzerkia ere irakur daiteke eta plazer ederra da. Bera izan zen lehen emakume antzerkigilea eta ‘Garbiñe’, bere lanik arrakastatsuena. Gomendagarria, benetan. Duela mende bat baino gehiago idatzitako antzezlana”.
Historia XIII. mendean gertatzen da, Larrain familia aberatsaren jauregian; ezinezko amodio baten historia da: Ibon eta Egurtza maitemindurik daude Liderekin; Lide bera eta Garbiñe, itsuturik Ibonekin. Korapilo horren inguruan gertatzen dira obraren hiru egintzak.
Oso kritika onak jaso zituen (Toribio Altzagarenak barne). Benito Pérez Galdósen ‘Marianela’rekin konparatua izan da, maitasunaren eta sakrifizioaren arteko uztarduragatik.

BIDEAN IKASIA. Arantxa Urretabizkaia (Pamiela, 2016)
“Asko gustatzen zait Arantxak nola idazten duen, izugarri, eta testu hau benetan beharrezkoa da. Oso gomendagarria”.
Inor gutxik izango du kalean ahoz gora iraindua izateko ohitura. Inor gutxi dago horretarako prestatua. Iraintzaileak ere ez du seguru asko ohitura hori, baina ekintzek frogatzen dute hobekiago egokitzen dela iraintzailea egoera berrira, berak sortua delako egoera hori, berak aukeratu duelako ekintza.
Iraintzen duenak uste du, iraindua mintzeko ahalmenaz gain, iraindua umiltzeko boterea ere baduela. Kalean, zuk ezagutzen ez duzun gizon gazte batek puta esaten badizu, ez da atsegina, noski. Baina irain berak zure semearen edo bikotekidearen ahotan eragin desberdina luke. Semearenak umilduko zintuzke, kaleko gaztearenak, agian ez. Lastima ere senti dezakezu iraintzailearekiko.

AITAREN ETXEA. KARMELE JAIO (Elkar, 2019)
“Covid-ak utzi zidanean ikaragarri gustura irentsi nuen. Oso gomendagarria”.
Blokeatuta dago Ismael, bere nobela berriarekin aurrera egin ezinik, argitaletxetik deika eta epea gogoratzen ari zaizkion arren. Gauzak okertu egingo dira, gainera, bere ama gaixotu egin dela-eta, aita zaharraz arduratu behar duenean. Jasone da senarraren idazlanen lehenengo irakurle eta zuzentzailea; gaztetan idazle izana, gero utzi ziona, baina azken urtean, gauetan ordenagailuaren aurrean, sekretuan berriz sortzen hasi dena. Emazteak idatzitako horretan topatuko ote du Ismaelek azkenaldian aurkitu ezin duen ahotsa? Ala bere baitan arakatu beharko du, ez dakien sekretu hori deskubritzeko?

Harpidetu
Jakinarazi
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments