Akastunak

0

Roaming
Ibon Larrazabal
Booktegi, 2020

Pandemia honen faseren baten, lagun batek amua bota zigun, eta bik behintzat irentsi genuen (eta zutaberen batean irakurri dudanez, besteren bat ere arrakastaz tentatu zuen). ‘Roaming’ nobela irakurtzeari lotu gintzaizkion berehala, Booktegik aurten argitaratua. Egilea Ibon Larrazabal da (Gorliz, 1970), orain arte gazteleraz idatzi duen idazlea.  Nobela beltza da, badaude detektibe bat eta bilau bat, eta bilau horren atzaparretan dagoen aingeruzko izaki bat, baita detektibeari mundua ordenatzen dion idazkari bat ere.  Denak gizonak (emakumezko pertsonaia marizorri bat da). Detektibe eskarmentudunaren ikerketa bat kontatzen da, eta ikerketa horren bidez bilauaren berri emango zaigu, egileari baliagarria zaiona, bere hitzetan, “gay munduko irudi esanguratsu batzuek darabilten mezua edo diskurtsoa” kritikatzeko, idazlearen ustez, askotan, klasista eta transfoboa delako eta gay munduari irudi eskasa ematen diolako.

Bilauaren pertsonaiaren oinarrian hotelgintzarekin lotutako benetako pertsona bat dago eta hari buruzkoak pilpilean zeuden komunikabideetan nik liburua irakurri nuenean. Pertsonaia horrek Espainiako aberastasun askoren jatorriaren mapa bat egiteko ere balio du. Eta nor den jakiteak berak sor dezake liburuarekiko nolabaiteko jakin-mina.

Publizitatea

Gay mundua esaten dion horren barruko beste talka bat ere kontatzen digu nobelan, belaunaldi artekoa, detektibearen idazkari lanak egiten dituen gaztearen bidez eta aingeruzko izakiaren bidez bereziki.

Amua irentsitako talde berean liburuari buruz emandako iritzia ez zen ona izan. Nobela beltza, protagonista detektibe pribatu bat, bilau boteretsu bat, ikerketa bat… eta argumentuak huts egiten du. Amaiera aldeko pare bat txilinbueltak ere ez dute laguntzen.

Baina egunak pasa eta liburua buruan nerabilen, argumentuaren kontuak amorrua emango balit bezala, argumentuak sostengatu behar lukeen beste horren penaz. Garai berean halako akatsik gabeko beste nobela bat irakurri nuen, eta onartu behar izan nion nire buruari bi-biek antzeko mailan sortu zidatela zera hori. Norbere neurriko materialak sortzen duen atxikimendu hori. Hasitakoa ez bukatzeak aukera bat izateari uzten dionekoa. Denbora-lapur bilakatzen zarenekoa.

Bere agentzia nola ireki zuen kontatzerakoan, nobelako detektibeak hau dio: “matrimonioaren araudi berrian, mundu guztiak LGTB kolektiboaren giza eskubideen mugarri bat ikusi zuen lekuan, Jurdanek negozio iturri berri baten jaiotza igarri zuen”.  Protagonistaren tonu ironiko, ziniko… hori izan daiteke harrapatu ninduen gauzetako bat. Ahots horri entzuteko gogoa, hainbat garai eta egoeretara egokitu den porroten kudeatzailearena.

Akatsak dituztela iruditu arren, lan batzuek bikain eraikitako beste batzuek baino gehiago mugitzen gaituzte, lotzen gaituzte. Bikain eraikitakoek sari bikoitza izan dezakete, noski (Garroren ‘Gerra txikia’ zen irakurri nuen beste liburua).

Booktegin ikusi dut atera dela Larrazabalen hurrengoa, The Hills, eta ari naiz pentsatzen denbora zeri lapurtuko diodan…

Harpidetu
Jakinarazi
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments