Leire Olaberria

0

2008ko Beijingo Olinpiar Jokoak datozkigu burura Leire Olaberriari buruz (Ikaztegieta, 1977) hitz egitean, begiak telebistatik kendu ezinik eduki baikintuen euskaldunok puntuazioko proban brontzezko domina lortzen zuen bitartean.

Gustuko izan dituen euskarazko hiru libururen izenak eskatu dizkiogu. Hauxe da bere HIRUKOA:

AITAREN ETXEA. Karmele Jaio (Elkar, 2019)
Blokeatuta dago Ismael, bere nobela berriarekin aurrera egin ezinik, argitaletxetik deika eta epea gogoratzen ari zaizkion arren. Gauzak okertu egingo dira, gainera, bere ama gaixotu egin dela-eta, aita zaharraz arduratu behar duenean. Jasone da senarraren idazlanen lehenengo irakurle eta zuzentzailea; gaztetan idazle izana, gero utzi ziona, baina azken urtean, gauetan ordenagailuaren aurrean, sekretuan berriz sortzen hasi dena. Emazteak idatzitako horretan topatuko ote du Ismaelek azkenaldian aurkitu ezin duen ahotsa? Ala bere baitan arakatu beharko du, ez dakien sekretu hori deskubritzeko? Maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez eta orokorrean generoak emakume eta gizonen bizitzetan duen eragin itzelaz ari da Jaioren eleberria. Baita familietan sortzen diren isiltasun esanguratsuez ere. Bere nobela anbiziotsu eta ausartena burutu du Jaiok, lurralde ezezagun batean barneratuz eta bertatik arrakastaz itzuliz.

BESTE NORBAITEN ZAPATAK. Garazi Kamio (Elkar, 2012)
Lankide baten amaren hilbeilak egonezinik uzten duen gizona, giza harremanak matematika-ekuazioen arabera ikusten dituen bikotea, autobusean bidaia luze bat egin behar duen lagun parea, alaba gaixoa ospitalera eraman behar izan duen ama, bizilagunari mandatu bitxi bat eskatzen dion agurea, 30 urte lehenagoko ikasle garaiko pasadizoak aztoratzen duen gurasoa.

NI, VERA. Itxaso Martin (Elkar, 2012)
Kontrolik gabeko garrasi, oihu, orro eta konbultsioak erraietatik aterako zaizkizun beldur zara. Preso dagoen animaliak, giltzapean sartu duen horretatik libratzeko egiten dituen mugimendu histerikoak egiten hasiko ote zaren izu. Barruan daudela badakizu. Sentitzen dituzu. Ikusi ditzakezu. Hain gertu eta hain zure sentitzen dituzu, ez dakizu eutsi ahal izango diezun. Zure haragi eta hezur dira eurak ere’. Erotzeko zorian sentitzen da Martina, zer gertatzen zaion ez dakiela. Nahiz eta mutilak lagundu, nahiz eta -ahalegin handi bat eginda- psikologoarengana joan, amildegiaren ertzetik gero eta gertuago dago, eta zuloak bertara erakartzen duela nabari du.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments