Txuma Murugarren

0

1964an Errenterian jaioa, 90eko hamarkadan Sasoi Ilunak taldeko kide izan zen, eta 2000. urtean ekin zion bere bakarkako ibiliari. Kantu egile petoa da, hitza eta doinua ezinbestean loturik baitaude haren sorkuntzan. Ahots lakarrez abesturiko ale bikainak gordetzen dituzte bere lanek.

Gustuko izan dituen euskarazko hiru libururen izenak eskatu dizkiogu. Hauxe da bere HIRUKOA:

MUNDUKO TOKIRIK EDERRENA. Iñigo Aranbarri (Susa, 2018)
“Flash-back neurtuen bidez edozein lekutakoak izan daitezkeen istorio indartsuak kontatzen ditu. Dena ez du kontatzen, iradoki egiten ditu askotan eta horrek irakurle aktibo bat eskatzen du”.
Nola bizi atzoko guztiak hainbesteko pisua badu. Horra, Iñigo Aranbarrik hamar ipuinotan dakarren galdera. Errepidean hildakoen bitartez bailararen istorioa kontatu nahi duen jonki ohia, ezkontza baten lurrunetan dabilen poliziaren gogoetak, lagunaren emazte alargunari etxea hustera doakion hirukotea, amaren ordez herrira itzuli den gaztea, eredu izango den modeloaren bestaldea, galdutako pistola baten ibilerak, kondenatua hiltzen ikusita betiko mututu den emakumea… Ezinarekin borrokan, adiskidantzaren ertzen eta sentimendu primarioen artean dabiltza Aranbarriren aurreneko ipuin liburuko pertsonaiak erantzunaren bila.
Atzorik gabe ulertzerik ez dagoen oraina, hamar kontakizun fikziozkotan.

LUBAKIA. Andrei Platonov / Itzul.: Iker Sancho (Alberdania-Elkar, 2009)
“Gazteleraz irakurri nuen lehenbiziko aldiz, eta 2009az geroztik euskaraz dago Iker Santxok egindako lanari esker. Liburu txundigarria da, berezia. Langile sobietarrak munduko langileriarentzat izango den etxe erraldoi baten zimentuak egiten ari dira, baina kontakizunak aurrera egin ahala gauzak okertzen hasiko dira. Sobiet Batasuneko esperientzia politikoa modu kritikoan aztertzen duen komunista amorratu baten obrarik bikainena”.

‘Bere bizitza pribatuaren hogeita hamargarren urteurrenean, Vostxovi kontua eskaini zioten existentziarako baliabideak eskuratzea ahalbidetzen zion tailer mekaniko txikian. Kaleratze-aginduan honako hau idatzi zuten: ekoizpenetik baztertzen zutela, batetik bere gorputzari makaltasunaren hazkunde bat eta, bestetik, lanaren dinamika globalaren testuinguruan pentsakortasun bat igarri zizkiotelako’. Horrela hasten da Lubakia, XX. mende hasierako errusiar surrealismoaren maisulana.

GORPUTZEKO HUMOREAK. Angel Erro (ALberdania, 2005)
“Poesia liburu bikaina iruditzen zait. Ironia finez josita dago, irakurketa ugari egiteko ateak irekita uzten ditu beti. Ez dakit zenbat alditan berrirakurri dudan Erroren lan hau. Gozamena”.
Hezurrek haragiari nola, hala eusten diote Gorputzeko Humoreek, haragian barna zirkulatzen dutelarik, espirituari, gorputzean gertatzen den ororen eragingarri. Errorentzat lau humore daude nagusiki: Melankolia, Hazia, Odola eta Tinta. Laurak nahikoa humore beltzak. Horiek baliatzen ditu tedium vitaeaz eta edergoseaz, sexuaz eta maitasunaz, adiskidantzaz eta gerrez, irakurtzeaz eta idazteaz aritzeko. Egunerokotasuna gai mitiko bihurtzera jolasten da Erro liburu honetan, gure etorkizuneko heroiak sentitzera.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments