Astearteak asteburutzen

0

Beltzuria
Ixiar Rozas
Pamiela, 2019

Agian, beharrezkoa da ordena eta errutina bizimoduan. Horregatik daukagu dena katalogatzeko ohitura (edo premia). Baina tarteka, ederra da egunerokotasuna hankaz goiti jartzea. Aste erdiz antzerki bat ikustera joatea edo zinemara, edo gai interesgarri bati buruzko hitzaldi bat entzutea, edo lagun batean bisita jasotzea etxea kafe bat hartzeko aitzakiarekin. Astearte buruzuri bat larunbatatzen duten ekintza xume horiek…

Literaturan ere generoak markatzea maite dugu. Prosa. Poesia. Genero horiek xehetu daitezke nahi adina, literatura matriuska bat balitz bezala, barruan gero eta ttikiagoak eta ttikiagoak eta ttikiagoak diren azpi-generoekin. Fikzioa edo auto-fikzioa edo oroitzapen liburuak. Eleberria edo saiakera. Zientzia fikzioa edo nobela erromantikoak. Nobela historikoak edo biografiak… Liburutegi edo liburu-denden apaletatik pasatzea besterik ez dago literatura nola katalogatzen den ikusteko.

Horregatik, maite ditut literaturaren astearteak asteburutzen dituzten lanak. Klasifikatzea zail direnak, baina zirrara eragiten dutenak. Boteprontean burura datozkit hain kuttunak ditudan Zena El Khalilen ‘Beirut, I love you’ edo Alicia Kopfen ‘Germà de gel’ (‘Hermano de hielo’ gaztelerazko itzulpenean). Ez dakidanak oso ziur nobela diren, autobiografiak diren, saiakera edo album ilustratu…

Gaur gaurkoz, euskaraz sortu eta argitaratu diren horrelako lan gutxi daudela esatera ausartuko nintzateke. Eta horietako pieza maravilloso bat da Ixiar Rozasen ‘Beltzuria’. Ez da berriki argitaratua (2014koa dela txibatu dit Google orojakileak), baina berriki irakurri dut nik. Eta gozatu.

Hitzari eta irudiari buruzko saiakera ttiki bat; herri jakin baten memoria historikoa; familiaren biografia bat… edo auskalo. Edo auskalo zer den, baina literatura hutsa da. Bere onenean.

Berriki, Rozasi berari -argitaratu duen azken lanaren harira- Berria egunkarian Itziar Ugarte Irizar kazetariak egindako elkarrizketatik lapurtuko dizkiot pare bat esaldi: “literaturaren erakundean gertatzen da narratiba gailendu dela, eta badirudi beste dena ez dela existitzen”. “Dena ulertu nahi dugu, bestela deseroso gaude”. Beltzuria, agian, ezin da ulertu gailendu den narratibaren perspetika horretatik. Eta zer?

(Eta hemen jartzeak batere zentzurik izan ez arren, nonbait jarri nahi nuen Beltzuria-ko esaldi konkretu bat. Aitzakia baten bila aritu naiz testu guztian zehar nonbait tartekatzeko. Baina ez dut topatu. Eta horregatik, pentsatu dut ez dudala aitzakiarik behar ustezko koherentziaren barruan disimuluan tartekatzeko. Irakurri nuen unetik, esaldi horren edertasuna erraietan idatzita geratu zait. Hauxe: Animaliarena da lehenengo ahotsa. Amarena dator ondoren. Esanda dago).

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments