1977an Ondarroan jaioa, sarri ikusi dugu pantaila txikian (‘Goenkale’ edota ‘Aitaren etxea’) zein handian (‘Txarriboda’ edota ‘Un poco de chocholate); eta zer esanik ez Euskal Herriko makina bat antzokitako taulagainean hamaika antzezlanetan.
Gustuko izan dituen hiru libururen izenak eskatu dizkiogu. Hauxe da bere HIRUKOA:
BITARTEAN HELDU ESKUTIK. Kirmen Uribe (Susa, 2001)
Bitartean. Bitartean. Hitz handiosak (Kultura, Artea, Herria, Maitasuna…) mesfidati begiratzen hasi ginenean, sinesmen horiek (edo sineskeria, berdin dio) galtzen hasi ginenean, ez gintuen hartu inolako depresio izugarrik. Garrantzizkoena genuen oraindik: bizitza (ez Bizitza, jakina, ezta orain eguneroko bizitza deitzen den mamu hori ere). Bizirik gaude eta bizitzera kondenaturik, Margaret Atwood-ek esan bezala. Emozioak eta sentsazioak geure-geureak dira oraindik. Eta keinuak. Horregatik, bizirik gauden bitartean ez ditugu nahi (ez ditugu behar) hitz handios horiek. Ez dugu Maitasunik eta kontu faltsurik nahi, baina maitasunaren keinurik gabe ezinezkoa litzateke aurrera egitea, gure bizitzaren bukaera (egia bakarra) iritsi bitartean heldu eskutik, hori da zintzoki eska dezakegun gauza bakarra. Eta bat-batean bitartean hitz xumea eta ezdeusa hitz potolo horiek guztiak baino mila aldiz esanguratsuago egiten da gure begien aurrean, gauza gehiago esaten die bitartean hitz ustez errazak gure buru-bihotzei diskurtso ustez bukatu eta ustez koherente horiek guztiek baino. Bukaera iritsi bitartean heldu eskutik, idatzi poema berriak, etorri afaltzera, lagundu hondartzara, irakurri egunkaria eta izutu, irakurri beste gauza batzuk (batez ere) eta gozatu, barre eta negar eta dantza egin, bizi, esan.
MR. SEÑORA. Oier Guillan (Txalaparta, 2016)
Wikipediaren arabera, “Ileordea edo bilordea ile sintetikoz zein naturalaz egindako ordezko adatsa da. Buruan jartzen da eta arrazoi estetikoengatik erabiltzen da. Gizon-emakume askok janzten dituzte ile-galera disimulatzeko”. Baina, batzuetan, disimulatzeko egin beharrean, bakardadeaz, norberekeriaz, heterosexualitateaz, minaz, jeloskortasunaz edota sudurreko ileez hitz egiteko janzten ditugu ileordeak eta armairutik ateratzen gara. Umoretik, ironiatik, elkartasunetik eta probokaziorako gogotik sortuak diren zazpi antzezlan hauek pentsamendu bakarraren kontra idatzitako lanak dira, norberaren pentsamendu bakarraren kontra, batez ere.
AITAREN ETXEA. Karmele Jaio (Elkar, 2019)
Blokeatuta dago Ismael, bere nobela berriarekin aurrera egin ezinik, argitaletxetik deika eta epea gogoratzen ari zaizkion arren. Gauzak okertu egingo dira, gainera, bere ama gaixotu egin dela-eta, aita zaharraz arduratu behar duenean. Jasone da senarraren idazlanen lehenengo irakurle eta zuzentzailea; gaztetan idazle izana, gero utzi ziona, baina azken urtean, gauetan ordenagailuaren aurrean, sekretuan berriz sortzen hasi dena. Emazteak idatzitako horretan topatuko ote du Ismaelek azkenaldian aurkitu ezin duen ahotsa? Ala bere baitan arakatu beharko du, ez dakien sekretu hori deskubritzeko? Maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez eta orokorrean generoak emakume eta gizonen bizitzetan duen eragin itzelaz ari da Jaioren eleberria. Baita familietan sortzen diren isiltasun esanguratsuez ere. Bere nobela anbiziotsu eta ausartena burutu du Jaiok, lurralde ezezagun batean barneratuz eta bertatik arrakastaz itzuliz.