Jon Maya

0

1977an Errenterian jaioa, Kukai Dantza konpainiaren sortzailea da, eta dantzari, koreografo eta zuzendari lanak egiten ditu bertan. Konpainia horrekin, besteak beste, Espainiako Arte Eszenikoen Max Sarietan Errebelazio saria irabazi zuen 2009an ‘Hnuy illa’ ikuskizunarekin.

IZURDEEN AURREKO BIZITZA. Kirmen Uribe (Susa, 2021)
“Kirmen Uriberen idazkerak punttuan jartzen nau beti. Bere idazkerak, kontakizunak, erritmoak… beti erakartzen nau. Bere azken nobela honekin izugarri enpatizatu dut”.
Euskal kondaira zahar baten arabera, izurdeak, garai batean, pertsonak izan ziren. Izurde bilakatu ziren laminen maitale izatearren. Eta behin gorputzez aldatuta, ezin berriz lehengora itzuli. Migranteari ere gertatzen zaio halakorik herrialdez aldatzen denean. Mudatzen zaio bizitza eta ezinbestean baita atzean utzitakoarekiko lotura ere.
Uri, Nora eta bien seme-alabak New Yorkera lekualdatuko dira liburu honetan. Rosika Schwimmer sufragista eta bakezalearen bizitzan oinarritutako nobela bat idatzi nahian ari da Uri: nola hazi zen zaldi eta kontzertu artean, nola lotu zen emakumeen askapen mugimendura, nola antolatu zuen Gerra Handiari aurre egin nahi zion bake-ontzia. Haren urratsak ikertu bitartean, ordea, bereak ere aterako zaizkio bidera, haurtzaroko bizipenak, faro bat arrosaz margotu zutenekoa, izebarekin konpartitutakoak. Familia ezari-ezarian hirian etxe egiten doan bitartean.

ERAIKUNTZARAKO MATERIALA. Eider Rodriguez (Susa, 2021)
“Eleberri gisa, gordin bezain ederra iruditu zait, eta horrez gain nire haurtzaroko pieza ugari aurkitu ditut bertan. Liburua irentsi egin nuen, eta berak ni erantsi nau. Betiko izango da nire liburu bat”.
Harea, zementua, karea. Zerekin taxutu absentzia? Nola zutitu ez dagoena? Zegoenean ere, maiz erortzear zena? Etxeak egiteko behar den guztia saltzen zuen aita bat. Alkoholak blaitutako aita bat.
Heriotzaren atezuan abiatzen du kontakizuna liburu honetako narratzaileak. Heltzear da, helduko da, eta hainbestetan sofatik lan handiz altxatzen ikusitako aita, kalea balantzaka zeharkatu eta bulegoaren iluntasunean gotortzen zena, hitzekin laztantzeko modu bat entseatuko du alabak. Batera eta bakarka izandakoaren memoria sortu.
Zaldiak, igerilekua, kaleko jendea, bigarren etxe izandako almazena, sua, azulejuak, soldaduskako eskutitzak, Benicassimeko apartamentua, gasolina, landareak. Aita baten puskak bildu ditu Eider Rodriguezek bere aurreneko nobelan. Denboran luzatutako gainbeheran murgildu, eta, izendatu ezin direnen aurrean, eremu laiotz bat argitu.

HNUY ILLA. Joseba Sarrionandia (Elkar, 1995)
“Joseba Sarrionandiaren poema liburu honek unibertso bat ireki zidan nire ibilbide profesionalean. Ikuskizun bat eskaini genion, baina, batez ere, betirako leiho bat ireki zidan; ideia, irudi, inspirazio andana. Betiko geratu da nire ‘mesanotxean'”.
Munduan bada bazter bat (ez genuen guk sortu orduko hautatu) gure herria irizten duguna. Eta mundu guztia da gurea gure herria geurea bada. Baina guk harri bustiak sartu genituen gure poltsiko zulatuetara. Ahaleginak egin arren, egin genuena ez zen beti izan egin behar genukeena, hildakoak eta distantziak gehituz eta biderkatuz joan ziren. Badakizue? Gure herriaren sei mila halakoa den mundua mugarriz pikatuta dago. Mugetan, Henri Rousseau aduaneroak nongoak garen eta norantz goazen galdetuz gero gure harri bustiak erakusten dizkiogu, ezen eta harriak ditugu: Harri hau, uharri hau ikusten duzu? Halakoa zen gure etxea. Inongo lur neurtzaileak, ez den herrialdearen kartografoak gara.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments