Joseba Irazoki

0

1974an Beran jaioa. Abeslaria, gitarra-jotzailea eta musikaria. Ia 20 disko kaleratu ditu. Atom Rhumba taldeko kide izan da eta, besteak beste, Duncan Dhurekin, Mikel Erentxunekin eta Nacho Vegasekin jo izan du. Pettiren ‘Etxeko Uzta’ bandako taldekide ere bada.

Honakoa da bere HIRUKOA:

ERAIKUNTZARAKO MATERIALA. Eider Rodriguez (Susa, 2021)
Harea, zementua, karea. Zerekin taxutu absentzia? Nola zutitu ez dagoena? Zegoenean ere, maiz erortzear zena? Etxeak egiteko behar den guztia saltzen zuen aita bat. Alkoholak blaitutako aita bat.
Heriotzaren atezuan abiatzen du kontakizuna liburu honetako narratzaileak. Heltzear da, helduko da, eta hainbestetan sofatik lan handiz altxatzen ikusitako aita, kalea balantzaka zeharkatu eta bulegoaren iluntasunean gotortzen zena, hitzekin laztantzeko modu bat entseatuko du alabak. Batera eta bakarka izandakoaren memoria sortu.
Zaldiak, igerilekua, kaleko jendea, bigarren etxe izandako almazena, sua, azulejuak, soldaduskako eskutitzak, Benicassimeko apartamentua, gasolina, landareak. Aita baten puskak bildu ditu Eider Rodriguezek bere aurreneko nobelan. Denboran luzatutako gainbeheran murgildu, eta, izendatu ezin direnen aurrean, eremu laiotz bat argitu.

ARKANBELE KANTAK. Mikel Taberna (Susa, 2021)
Arkanbele kantak deitzen da Mikel Tabernaren poema liburu berria, zeinak erretolika esan nahi baitu. Nork berea du, arkanbele kanta. Eta erraz antzemango dio irakurleak poemotan Tabernaren eskuari. Izan ere, geografia fisiko eta bital batean barnako bidaian sartuko gaitu liburuak, Bidasoaldera bezala Iruñeko atzerrira eramango gaituena, haurtzarora eta 36ko gerrara, solastatzeko eta isiltzeko modu batera, gaztaroko lagunartera eta aurreneko sexu-jolasetara, gure baitako izaera gordera, bizitza gozatzeko modu batera… Desagertzeko arriskuan omen dago arkanbelea, baina zaila da sinestea, bizitza zelan zukutzen duen ikusita, haren kantak adituta.

ZULOA. Xabier Gantzarain (Elkar, 2018)
Paradoxa polita da: iraganak irautera egiten du. Eta narrazio batean sartzen dugu iragana, zentzu bat ematen diogu orainetik, zentzu bat ematen diogu oraindik; ondo asko dakigu, nean, iragan baten hondarrak garela. Hondarren hondarrak, nahiago bada. Eta narrazio horri historia izena ematen diogu, argi gera dadin, ez dezagun nahastu literaturarekin, inork ez dezan pentsa asmatua denik, bere akziozko izaera ezkutatzeko. Historia kzioa da erabat, narrazioa, kontakizuna. Eta galdera da: artea kzioa da? Arteak ere irautera egiten du, eta Euskal Herriaren historia hurbila artearen bitartez aztertzen da Tene Mujika bekaren laguntzaz idatzitako liburu honetan. 23 saio labur dira, bakoitza artelan batetik abiatuta idatzia, testuingurua erakutsiz, bizitzarekin lotuz, memoriarekin, gure zulo beltzarekin. Ez da artearen historia bat, ez da historia liburu bat ere: memoria ariketa bat da funtsean. Memoria guztiak bezala tranpatia, kapritxosoa, obsesiboa, irrazionala, desegituratua, zatika emana, eta hala ere absolutua. Artelanak izan ohi diren moduan.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments