Hitz-jokoak, idazleak eta saguzarrak: Mursegoren unibertsoa

0

MAITE ARROITAJAUREGI (EIBAR, 1977), HOTS, MURSEGO MUSIKAZ, HITZEZ ETA SORPRESAZ BETETA DAGOEN ARTISA DA. ‘AKELARRE’ ETA ‘ARZAK’ FILMEN SOINU-BANDAK ZINEMALDIAK AURKEZTU ONDOREN, HAINBAT PROIEKTUTA MURGILDUTA DABIL BURU-BELARRI

Ondo iruditzen al zaizu argazkiak atera bitartean kantatzen badut? –galdetu dio argazkilariari. Antiguako frontoiarekiko perpendikularra den kalezulo estu eta luze batean Maite Arroitajauregi Mursego bilakatuko da. Literalki. Hau da, hegan egiten hasiko da, libre eta bihurri, eta berak bakarrik ezagutzen duen dimentsio batean barrena bidaiatuko du modu misteriotsuan. Metafora honek badu bere izateko arrazoia: mursegok saguzarra esan nahi du portugesez, baina geroago esango diot euskaraz asmatutako hitza dirudiela, fonetikoki behintzat: “mus” eta “hego”-en arteko konbinazio eroa alegia. Mursego bera hitz-joko bat da.

Beraz, segundo batzuez bere ahotsa baxu eta indartsu irteten da, eta, ziur aski, metro batzuetara duen frontoirano iristen da, hormetan  errebotatzeko gai. Ezohiko ahots horietako bat da, Nico-ren ‘Chealse girl’ albumean bezala. Deabruari buruzko bertso bitxi batzuk errezitatzen ditu, a priori deszifratu ezin direnak, baina ez da deabruaren pertsonifikazio maltzur klasikoa, baizik eta taberna bateko terrazan alaiki solaskide gisa eduki nahi zenukeen tipo random batena, baketsua eta atsegina. Ondoren argazki-saio txikia nola geratu den begiratu dugu kameran. Infernu light horren kalezuloko irudietan gelditzen da Maite/Mursego. Emaitzak konbentzitu du. Eta proposamen bat egiten dio argazkilariari: “‘Akelarre’ filmeko taldekoi argazkiak ateratzen dizkiezunean, esaiezu abesteko”.

Hasiera batean ezgaraiko ordu berean –irailaren amaierako larunbat batean, goizeko 9etan– geratzekoak ginen Donostiako erdigunean. Berarentzat babesleku eta erreferentzia diren liburu pare bat erakutsiko zizkidala esan zidan: Katixa Agirreren ‘Amek ez dute’ eta Maria Gaizaren ‘Nerbio optikoa’. Ez ditu liburuak ekarri –ahaztu egin zaizkio antza denez– eta hiriaren beste muturrean gaude. Arazorik ez. Lesboseko errefuxiatuak babesteko helburuz Zaporeak GKEk antolatutako kontzertu solidarioa Trinitate plazatik Antiguako pilotalekura pasa dute. Hori da hitzordua lekuz aldatu izanaren arrazoi nagusia. Goizean goizetik hasi dira eszenatokia muntatzen, eta 11etarako prest egon beharko luke. Horizontalean jarritako hiru mikrofono daude lehen lerroan, hizlari edo bertsolari talde baten zain. Nork jakin. Ordu gutxi barru euskal star-system kultural boduko bat bilduko da, besteak beste, Ruper Ordorika, Maialen Lujanbio, Anari, Amets Arzallus, Harkaitz Cano eta Mursego bera. Frontoitik igaro den emakume batek interesa azaldu du muntaia ikustean, baina sarrera guztiak, bakoitza 20 euroan, agortuta daude. Etsita alde egin du.

Hegoak astintzen
Mursego hainbat proiektutan murgilduta dago aldi berean. Ia beti bezala. Elkarrizketaren bezperan ‘Akelarre’ filmeko taldearekin afari opro eta luze batean ospatu zuen Zinemaldiko estreinaldia, haren soinu-bandaz arduratu baita. Zinemaldian ‘Arzak’ ere ezagutzera eman dute, bere sinadura musikala daraman beste euskal ekoizpen bat. ETBn estreinatuko duten programa berri baten grabaketaren zain dago, irrikitan gainera, eta aurreratu duenez, Galder Izagirre argazkilari eta bateria-jotzaileak (Berri Txarrak, Dut) zuzentzen du. Aldi berean, azkenaldian bere konplize bihurtu den Ibon RG musikariarekin batera bere hurrengo diskoa prestatzen ari da. Dioenez, kolaborazio joera handiagoa izango du diskoak. “Horren fruituak jaso nahi ditut orain. Sarean egindako lana izango da. Kolektiboki. Ideia ezberdinak ditut buruan eta kolaboratzeko prest dagoen inguruko jendea oso pozik ikusten dut. Ez dakit dena ondo aterako den”, dio. Ideia berritzaile horietako batek gaur egungo gazteekin du erlazioa. “Teenagers-en munduak liluratzen nau giza-esperimentu gisa, eta hori ‘Akelarre’ren grabaketan bizi izan dudan esperientziatik dator. Nire ilobak 19 urte ditu eta beraren eta haren lagun bati eskatu diot amodiozko kantu bat idatz dezatela euren ikuspegitik. Baietz esan didate, egingo dutela. 2000. urtean jaiotako gazteak dira, eta kalitate baino zintzotasuna ari naiz bilatzen”.
Mursegoren joera hau ez da berria. Aspaldidanik besarkatu izan ditu horretarako aukera eman dioten artista eta sortzaileak: Danele Sarriugarte idazlea, Aita Torres musikaria (Jupiter Jon, Lïsabo), Idoia Zabaleta dantzari eta koreografoa, Fernando Franco zinemagilea, Harkaitz Cano idazlea, Myriam Pérez dantzariarekin ‘Mutu’ izeneko soinu-banda konposatu zuen orain dela bi urte… Egia esateko, bere publikoarekin eta beste sortzaile batzuekin etengabeko elkarrizketan darama 10 urte baino gehiago, eta bolbora bezala hedatzen den karrera berezia garatu du. ‘Bat’-etik (2009) ‘Oion’ (2017) esperimentu sozialeraino saguzar ezberdinek astintzen dituzte hegoak bilontxeloaren atzean, seguru asko bere musika-tresnarik bereizgarriena denaren babesean, bakarra izan ez arren. Azkenaldian kunbiara itzuli da, ‘Cumbia villera de la ciudad armera’ abestian primeran beregantu zuen estilora. “Kasu honetan cumbia rebajada delakoak dira, ez da gauza bera”, dio. “Monterreyn, Mesikon, korronte edo hiri-tribu antzeko bat sortu zen eta kunbiak entzuten hasi ziren Kolonbiako influentziaren eraginez. Halako batean argindarrik gabe geratu ziren eta kunbiaren erreboluzioak automatikoki jaitsi ziren, eta horrekin batera erritmoa ere bai. Esperimentu hori egin nahi dut: kunbia bat grabatu eta gero moteldu”.

Mursego meets Gloria Fuertes
Ahaztu baino lehen kasualitatetik gutxi duen xehetasun bat aipatu beharra dago: Gloria Fuertesen kamiseta txuri batekin etorri da Mursego gaur goizean. Badaramatza urte batzuk hura errezitatzen eta musikatzen. Beti da une egokia poeta madrildarra aldarrikatzeko, bere hustetan. “Erreibindikatzen jarraitzen dut, ahaztutako beste emakume artista askoren lana bezala. Esango nuke ez zaiola eman literaturan daukan lekua, merezi duen handitasuna. Nire ustez poeta handia izan zen. Ez da umeen poeta, beti pentsatu eta azpimarratu ohi den moduan. Eta ez zaio handitasun hori eman atzean arrazoi politiko sendo bat dagoelako, jakina. Hasteko emakumea zen, pobrea, itsusia, lodia eta lesbiana. Batez ere emakumea zelako izan da baztertua. Anekdotikoa dirudien arren bere garaian honek garrantzi handia izan zuen. Babesgabeen aldekoa zen, oso ezkertiarra. Baina oso olerki onak ditu eta ez dira zahartu, guztiz kontrakoa: gaurkotasun handia dute”.

– Zein da Gloria Fuertesen zure poemarik gustukoena? (Bere mugikorrean olerkiren bat bilatzen saiatzen da… aurkitzen duen arte).
– Hemen dago: “Me interesa el bienestar, del pueblo / No me puedo inhibir, del momento. Con mi trabajo la cultura, aumeto / Critico lo malo y denuncio lo peor (esto no es poesía lo siento) / Ayudar a todo bicho, intento / Por amor estoy comprometida, mi novia no es la muerte, es la vida”.
(Isiltasuna)
–Baditu Gloria Fuertesek ezagutzen ez diren beste aurpegi batzuk. Oso aurrerakoia zen, muturreko ekologista.

Harkaitz Canorekin bat eginda
Eibarko musikariaren unibertsoan grabitatu duen idazle bat aukeratu beharko bagenu Harkaitz Cano izango litzateke. Zaporeak-ek antolatu duen ekitaldian elkarlanean aritu dira beste askotan egin ohi izan duten bezala, kasu honetan Raymond Carver-en testu bat aitzakia hartuta. Jarraian Roberto Johnson bluesmanaren eta deabruaren arteko kondaira ezagunari bueltatxo linguistiko bat ematen diote. “Deabrua eta bion arteko konbertsazioa da, eta arima baino nire hizkuntza saltzen diot. Azkeneko zatia gaztelaniaz da eta oso ondo geratu da”. Abestia ETBko programa berrirako prestatu duela aitortu du.

Canok eta Arroitajauregik ‘Porto’ izeneko ikuskizuna taularatu dute azken urteotan Euskal Herriko hainbat lekutan. Portugalgo ardoa “eta beste edari alkoholdunak” dira ardatza. Literatura eta musika batzen dute eta errezital musikal berezi honetan Baudelaire, Pessoa edo berriki zendu den Rafael Berrio donostiar poeta eta musikariaren materiala erabiltzen dute. “Sarreratxo bat egiten genuen Porto hiriari buruz eta zenbait datu ematen genituen. Ondoren Berriok ardoa omentzen zuen ‘Saturno’ abestia interpretatzen genuen”.
– Berarekin erlazio polita zenuen, ezta?
– Bai, oso.

Hizkuntza, instrumentu gisa
Inprobisatu, akuilatu, laztandu, mudatu, dibertitu, harritu, esperimentatu, sumindu, zergatik ez, egiten du Mursegoren musikak, eta orain taberna batean tea lasai ederrean hartzen ari bada ere, bere burua ziztu bizian doa, luzatu egiten da erantzunetan, kasu honetan bele baten moduan bueltaka, aldika “erdarakada bat da” esanez, eibartar azentu xarmagarriarekin. Eta bat-batean zintzoa da, zuzena:
– Nekatu egin zara ‘Eusnob’-en inguruan sortu zen fenomenoarekin?
– Bai, –azkar begiak barrara begira.
– Arrakasta izan zuen.
– Arrakasta?
– Beno, kultura-zirkulu batean behintzat.

Hitz-jokoak atsegin ditu Mursegok. ‘Eusnob’ da adibiderik ospetsuena. Bere DNA-n dago. Hasieran aipatu dudan bezala, Mursego bera hitz-joko bat izan daiteke. “Esperimentatzea eta jolastea gustatzen zait. Hizkuntzarekin ere bai, nola ez. Denbora daramat hizkuntza instrumentu bat dela esaten eta musika-tresna moduan erabili dezakegula defendatzen. Hizkuntzaren sonoritatea aprobetxatu beharra dago. Hizkuntzak alde ezberdinak ditu, eta da soilik informazioa komunikatzeko erabiltzen dugun tresna. Bere alde semantikoaz gain soinua du. Gaztelaniaz esaten den significado eta significante hori.
– Zeintzuk dira zure erreferenteak arlo horretan?
– Apokalipsiaren lau zaldunak, Paul Dutton, 60ko hamarkadan ahotsekin egiten zituzten esperimentuak, Ibon RG-ri esker ezagututako erreferentziak… Disko berrirako hitz-jokoz beteriko bost minutuko abesti bat prestatu dut. Soinuaz gain badu nolabaiteko esanahia.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments