Berrehun lagun inguruk hartuko dute parte Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren edizio honetan
Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraitua ekimenaren baitan Ramon Saizarbitoriaren ‘Martutene‘ irakurriko dute ekainaren 8an, Bilboko Arriaga Antzokian.
Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten duten ekitaldia goizeko 08:00etan hasiko da eta 14:00etan amaitu, eta sei ordu horietan txandaka eta geratu gabe irakurriko dute ‘Martuten’e 200 lagun inguruk; Ramon Saizarbitoria bera izango da liburuaren lehenengo esaldiak irakurriko dituena.
‘Martutene’ 2012an argitaratu zuen Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944). Bikote biren arteko hartu-emanak kontatzen ditu, baina, hari nagusi horren atzean, gai ugari jorratzeko erabiltzen du liburua autoreak: idazlearen lana, medikuntza eta Euskal Herriko gatazka, besteak beste. ‘Martutene’k 2012ko 111 Akademiaren Saria irabazi zuen.