1960. urtean argitaratu zenean mundu osoan ospea lortu zuen Edna O’Brienek idatzitako eleberri honek. ‘Landa aldeko neskak’ bere lehenengo liburua izan zen eta opresio katoliko eta familiarra azaleratu zituenez, Irlanda osoan debekatu zuten. Gema Lopez Las Herasek (Azkoitia, 1989) itzuli du euskarara (Erein-Igela, 2022).
Zure lehenengo itzulpen literarioa da. Nolakoa izan da esperientzia?
Oso aberasgarria eta polita izan da eta, aldi berean, erronka handia. Pentsatzen nuen: “Nola egingo diot aurre horrelako lan bati?”, eta kostatu zitzaidan egin beharreko lanari tamaina hartzea eta gustura sentitzen hastea. Hori etorri zen liburuaren erditik aurrera. Hasieran kostata ibili nintzen, tirriki-tarraka, baina behin erdira ailegatuta testuan murgildu nintzen, O’Brienen prosan; tonua hartu nion eta askoz errazago eta gusturago aritu nintzen.
Zer izan da zailena eta zer, errazena?
Zailena, esan bezala, nire burua kokatzea. Eta itzulpenari dagokionez orokorrean dena izan da zaila, ohitu gabe nengoelako literatura itzultzera. Era berean, erronka handi horren barruan egon dira beste hamaika erronka txiki, buruhauste handiak eman dizkidatenak: esate baterako, izenburua nola itzuli, hitz jokoak nola eman, euskara arrunta, hitanoa erabili ala ez… erabaki asko hartu behar izaten dituzu.
Hizkera arrunta itzultzeko nola moldatu zara?
Lan honen parterik politena izan da, erraza izan ez den arren. Ni azkoitiarra naiz, eta nire inguruan oso bizirik dago euskara. Hori esaten dudanean ez dut esan nahi Azkoitian oso bizirik dagoenik, zoritxarrez beherantza baitoa; esan nahi dudana da nire eguneroko bizitzan oso bizirik dagoela. Orduan, nolabait, nire ahozko euskara horren baliabideak aprobetxatu ditut eta horrek asko erraztu dit lana. Eta horrek ere egin du oso gustagarri eta gozagarri. Zailan izan da, baina erraztasunak ere izan ditut.
Hitzaurrea txertatu duzu, irakurlea behar bezala kokatzeko.
Liburua testuinguruan jartzen ahalegindu nintzen, inportantea delako atzetik daukan historia hori guztia. Kontua ez da soilik nobela irakurtzea, baizik eta jakitea zer eragin izan zuen bere garaian, 60ko hamarkadako Irlanda horretan. Alde batetik, O’Brienen lehenengo liburua da eta, bestetik, eskandalu handia sortu zuen. Hori da liburuaren testuingurua.
“O’Brienek hankaz gora jarri zituen 60. urteetako Irlandako Eliza, komentuak eta mojak”, diozu hitzaurrean.
Bai. Hori azaltzen dut, egungo ikuspegitik zaila delako imajinatzea nola horrelako liburu batek, hau da, liburu inozente samar batek, horrelako eskandalua eragin zuen. Horregatik da garrantzitsua liburua testuinguruan kokatzea eta jakitea garai hartan Irlandan moralak agintzen zuela, Elizak pisu handia zeukala eta dena zela bekatua haien begietara, bereziki emakume baten kasuan. Hasteko eta behin, emakume batek idaztea eskandalosoa zen, are gehiago libre izan nahi zuten bi emakumeri buruz idaztea, eta haien hastapen sexualari buruz. Elizak eskuak burura eramateko modukoa izan zen, nahiz eta ez dagoen eszena esplizitu edo gogorrik.
Hitzaurrean aipatzen duzu baita ere haurtzaroa zorigaiztoko izan zuelako bilakatu zela Edna O’Brien idazle. Esan al liteke bere literatura, neurri batean, tristurarekin lotuta dagoela?
Nik uste asko baliatu dela bere txikitako bizimoduaz. Nolabait maitasun-gorroto harreman hori dauka, oso gazterik alde egin baitzuen bere herritik Dublinera, eta gero joan zen Dublindik Londresera, oraindik ere nahiz gazterik. Baina bizitza osoan jarraituko du idazten Irlandari buruz. Bere haurtzaroa gogorra izan arren, oso garrantzitsua da O’Brienen literaturan, bere prosa asko markatu baitu. Bere txikitako paisaia guztiak, egoerak… zer nolako xarmarekin eta mimoarekin deskribatzen dituen ikusi besterik ez dago. Han egon ez arren, detaile asko erabiliz irakurlea bertara eramaten du. Oso prosa ebokatibo eta polita dauka.
Sarreran diozu kutsu autobiografikoa duela. Ez da, beraz, erabat autobiografikoa?
Uste dut berak ez duela inoiz esan erabat autobiografikoa denik. Nire aburuz nabarmen autobiografikoa da, baina ez dakit zenbateraino errepresentatzen duen Edna O’Brienen haurtzaroa. Bi pertsonaia nagusiak, Caithleen eta Baba, Edna O’Brienen izateko eraren isla dira: Caithleen izango litzateke Edna O’Brien txikitan izan zen hori eta Baba, O’Brienek izan nahiko lukeen hori eta bere inguruagatik eta gizarteagatik atrebitzen ez zen hori.
Garai hartan Elizak izan zuen hegemonia argi azaltzen da liburuan.
Bai, Elizak garai hartako bizimoduan zer nolako indarra zeukan ikusten da. Hala ere, nobelak aurrera egiten duen heinean oso esanguratsua da nola Eliza eta erlijioa joaten diren poliki-poliki indarra galtzen. Hasieran oso presente daude, baina gero Dublinera alde egiten dutenean eta han finkatzen direnean Elizak indar gutxiago daukala ikusten da, alde batera gelditzen hasten dela, eta bukaerako kapituluren batean kontatzen du goiz batean Caithleenek huts egiten duela mezetara, bere bizitzan lehenengo aldiz.
Zein izan da gehien gustatu zaizun pasartea?
Ezingo nuke bat aukeratu. Orokorrean nobela asko gustatu zait, baina iruditzen zait bukera aldera indar pixka bat galtzen duela. Dublinera joan arteko pasadizo guztiak oso goxo esplikatzen ditu, pazientzia handiarekin, detaile askorekin, baina Dublinetik aurrerakoa nahiko arrapaladan kontatuta dago; beharbada izan daiteke landa aldeko bizimoduaren eta hirikoaren arteko kontraesan hori islatzeko, baina Dublinetik aurrera ez dago hainbeste ebokazio. Zati hori ez zait hainbeste gustatu.
Caithleen protagonistak aita alkoholikoa du, eta ama triste bat. Baba bere lagun minaren etxea alaiagoa dela iruditzen zaizu?
Hala ematen du, baina nik uste Caithleenena bezain tristea dela. Bi familiak oso diferenteak dira, baina biak ala biak puskatuta daude. Caithleenen etxean argi eta garbi dago indarkeria fisikoa. Babaren etxean horrelako ezer pasatzen ez den arren, aitak eguneko ordu gehienak etxetik kanpo pasatzen ditu, eta ama bakarrik dago. Ez da aipatzen alkoholikoa denik, baina bai esaten da ardoari asko ematen diola. Nire interpretazioa da Baba horrela portatzen dela etxean daukan hori ez duelako aguantatzen, nahiko lukeela Caithleenek ama daukan bezala, ama oso bat, baten bat eduki. Puskatutako bi familia dira, nahiz eta egoera oso ezberdinak eduki.
Landa aldeko bizimodu gogorraren erretratua egin du O’Brienek.
Nik uste dut pertsonaia guztiak daudela desenkantatuta tokatu zaien inguruarekin eta familiarekin. Nahiko etsita bezala ikusten dira denak, “hauxe tokatu zaigu eta ez dago zer eginik” esango balute bezala. Ikusten da ez daukatela egoera aldatzeko baliabiderik edo gogorik edo indarrik. Horregatik Caithleen eta Baba bizimodu berri baten bila Dublinera joatea oso esanguratsua da, erakusten baitu zein ausartak izan ziren garai hartan. Pentsatu behar dugu urte horietan emakume batek zigarroa erretzea ere iraultzailea zela.
Gai nagusia zein dela esango zenuke?
Askatasunerako bidea. Liburuan landa aldetik hirigunerako trantsizioa ere ikusten da, baina horren atzetik dago aske izateko nahia, baita haurtzarotik helduarora doan trantsizioa ere. Azken batean, hastapenei buruzko nobela bat da.
Hala ere, askatasunerako bide horretan gizon baten konpainia onartzen du protagonistak.
Hori ez dut oso ongi ulertu nik ere. Kontraesana dagoela iruditzen zait. Beti esaten da O’Brienek emakume askeak jarri dituela erdigunean, baina Caithleen gizon horren itzalari lotuta dago nobela osoan.
Caithleenek babesa sentitzen du bere ondoan.
Caithleeni aita on baten figura falta zaio eta izan daiteke Gentleman horren figuran hori bilatzea. Egoera intimoak nahiko modu sotilean kontatuta daude, baina nik esango nuke argi eta garbi pedofilo bat dela.
Irlandak idazle handiak eman ditu, baina Europako beste herrialde batzuekin alderatuta beti bigarren leku batean egon da…
Bai. Irlandak baditu idazle batzuk asko nabarmentzen direnak, baina beste pila bat ez dira ezagutu ere egiten. Pentsa, hau da euskarara itzulitako O’Brienen lehenengo nobela, eta argitaratu zenetik 60 urte pasa dira.
Literaturaren arloan beste zerbait itzuliko zenuke?
Bai, animatuko nintzateke. Gainera, ez nuke sentituko nobela honekin hasieran sentitu nuen bertigo hori, ez litzatekeelako lehenengo aldia izango. Hurrengo lan baterako nire buruarengan konfiantzan edukitzen ere lagundu dit lan honek, halakorik baletor; baina momentu honetan ez daukat beste ezer esku artean. Dena den, hurrengo baterako beste modu batera planteatuko nuke, bederatzi hilabete izan bainituen liburua itzultzeko eta, aldi berean, Gasteizen ibili bainintzen lanean lanaldi osoan; astebukaerak soilik izan nituen liburua ganoraz itzultzeko.