Kae Tempest poeta gaztearekin estreinatu du Igelak ‘Mintaka’ sail berritua

0

Kae Tempest poeta ingelesaren ‘Antzinako berri-berriak’ (Brand New Ancients) euskarara ekarri du Itziar Diez de Ultzurrunek, eta lan horrekin estreinatu du Igela etxeak ‘Mintaka’ sail berritua. “Erabaki bat hartu dugu. Igelak ez du zertan jada zendu diren idazleen abesbatza soila izan behar. Autore garaikideei bide eman nahi diegu argitaletxean. Egungo egoerak behatzen, dolesten, hedatzen dituzten idazleak euskaraz argitaratu nahi ditugu”, azaldu dute argitaletxeko kideek. “Horretarako ‘Mintaka’ saila erabat berritu dugu. Mikel Tristanek egin du bildumaren diseinu berria. Itsaso Arizkurenek eginen ditu azaletako argazki denak”.

Hala, irailaren 22an aurkeztuko dute ‘Antzinako berri-berriak’ Donostiako liburutegi zaharrean goizeko 11:00etan; eta astebete geroago Iruñeko LABAn jarri dute hitzordua arratsaldeko 19:00etan.

Antzinako berri-berriak
Jainkoak edonon daudela, metroaren esperoan edo loteria erosten. Jainko bat edonor izaten ahal dela, makulu baten laguntzaz aldapan gora doan señora, bi haur sakelakoari begira, gizon nekatu bat bere gelan pornoa kontsumitzen. Olinpoa zure auzoa dela, berdin Iruñeko Etxabakoitz edota Londresko Lewisham izan.
Kae Tempest poeta gaztea generazio mazatu baten ahotsa izatera iritsi da. Londres hego-ekialdeko kaleei bere doinua darie. Auzoko lagunei eskainia da ozen irakurtzeko poema hau, ingelesa/euskara edizio elebidunean ekarria.

Kae Tempest
Kae Tempest (Londres, 1985) poeta, idazlea, antzerkigilea eta abeslaria da. Errekonozimendu ugari jasotakoa dugu, tartean Poetry Book Societyk hamarkadan behin ematen duen Next Generation Poet saria, baita liburu honengatik jasotako Ted Hughes saria ere. Tempest, Erresuma Batuko poeta nagusietako bat izateaz gain, generazio mazatu baten ahotsa bilakatzera iritsi da. Londres hego-ekialdeko kaleei bere doinua darie. Auzoko lagunei eskainia da ozen irakurtzeko poema hau, ingelesa/euskara edizio elebidunean dakarguna.

Itziar Diez de Ultzurrun
Iruñea, 1967. Euskal Filologia eta Antropologia ikasitakoa da eta 1995az geroztik itzultzaile lanetan dihardu Nafarroako Gobernuan. EIZIEko lehendakaria izan da, eta Arendt, Despentes eta Woolf itzuli ditu, besteak beste. Igelarako Philippe Claudel (Vitoria-Gasteiz itzulpen saria) eta Agatha Christie euskaratu ditu. Iruñeko San Anton karrika du erreinu.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments