Juainas Paul Arzaken saiakera berria aurkeztuko du Pamiela hilaren 22an

0

Pamiela argitaletxeak azaroaren 22rako iragarri du Juainas Paul Arzak donostiarraren Sorginkeriarena gurean saiakeraren aurkezpena: Iruñeko Karrikiri liburudendan izango da goizeko 11:00etan, egilea bera bertan delarik.

Sorginkeriarena gurean
Egileak 1969an sorginen gaiarekin aurrenekoz topo egin ondoren sekulako bide bibliografikoak jorratzeari lotu zen –hainbat artxibo, liburutegi, liburu, agiri…–, adituak elkarrizketatuz eta halako ikerketak eginez. Izan ere, horren denaren azalpena eta azterketa da edukia: sorginkeriari buruzko saiakera mamitsua.
Euskal Herrian gertatutakoak ikertzen dira, ahaztu gabe zabalagoa zen testuingurua. Hondarrean, sorginkeriari dagokion irakurketa berri bat eskaintzera iristen da. Abiapuntuan, balizko susmoa: sorginkeria eta akelarrea egiazko kontuak zirela; akelarreetan droga bat erabiltzen zutela, serotonina, apoek azaletik isurtzen duten substantzia bat…
Hortik aurrera ez ohiko irakurketa, hipotesi moduan emana. Oinarri bibliografiko oparoan oinarritua eta hizkuntza jasoan, baina ulerterrazean adierazia.

Juainas Paul Arzak
Donostia, 1950.
Gehienetan, bigarren hezkuntzako geografia eta historia irakasle lanbidez, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan defendatu zuen lizenziaturako txostenaren ondorioz Eibarko sozialismoa eta Historia del País Vasco plazaratu zituen (1978) Kriselu/Haranburu argitaletxeak (Euskal Herriko Historia, 1987).
Bidasoa Ikerketa Zentroaren bazkidea, bere Koadernoetan eta beste aldizkari batzuetan Nafarroa Atlantiar nekazaritza eta bertako botere jokoei buruz aritzeaz gain, ahozko historia landu izan du ikasleekin, Lekaroz Institutuan, eta Zubietan (Zubieta 1931-1936, Luma, 1995).
Sorginkeriaren aferari dagokionez, «Brujería, frontera y poder» (Bilduma, 13, 1999), «1610. urtea. Nafarroako sorginkeriaren mitifikazio maltzurrari buruz» (Uztaro, 43, 2002) eta «El aquelarre, una invención afortunada» (Gerónimo de Uztariz, 23-24, 2008) ditu lan ezagunenak

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments