Ibon Martin: “Tulipekin hasi zen nire ibilbidea hemendik kanpo, eta sekulako ilusioa egiten dit euskaraz egoteak”

0

Azaroaren 30ean aurkeztu dute Donostian Ibon Martinen Tulipen dantza eleberria. Egilearekin batera aurkezpenean izan dira Aiora Jaka itzultzailea eta Xabier Mendiguren Elkar etxeko editorea.

Ibon Martinek azaldu du eleberri honekin hasi zela bere abentura Euskal Herritik kanpo, “ez bakarrik estatu mailan, baita Europa mailan eta Hego Amerikan ere. Bederatzi hizkuntzetara itzuli zen”. Baina euskara falta zela aitortu du Martinek. “Eskerrak eman behar dizkiot Elkarri beste behin ere ateak irekitzeagatik, eta Aiorari, bera gabe ez nintzatekeelako ausartuko liburuak euskarara ekartzera. Nire liburuak beste hizkuntzetara itzultzen direnean ezin ditut irakurri eta, beraz, ez dakit ondo dauden edo ez. Baina nik euskaraz irakur dezaket, eta Aioraren itzulpenekin sentitzen dut liburua hobea dela, eta hori lortzea oso zaila da. Horregatik, oso gustura nabil berarekin lanean. Esan bezala, tulipekin hasi zen nire ibilbidea hemendik kanpo, eta sekulako ilusioa egiten dit euskaraz egoteak”.

Aiora Jakak aitortu du berarentzat ere luxua izan dela halako liburu bat itzultzea. Ez da Ibonentzat itzultzen duen lehen aldia. “Alde batetik, badauka desabantaila bat jatorrizko autoreak xede hizkuntza irakurri ahal izateak, presio gehiago-edo ematen duelako, itzuli eta berari pasatzen bainion argitaratu aurretik, bere oniritzia jasotzeko. Baina abantaila ere izan daiteke; izan ere, obra bat itzultzean asmatu behar duzu obraren arroztasun hori nola ekarri gurera, baina kasu honetan ez da batere arrotza istorioa hemen gertatzen delako, Urdaibai inguruan. Zentzu horretan, beraz, erraza egin zait itzultzea”. Jakak azaldu du Ibonen lanekin ohitura hartu duela liburua irakurri gabe itzultzen hasteko, “bere liburuekin bakarrik egiten dudala uste dut. Lehenengo liburuarekin hasi nintzen hala egiten, dokumentu digitala bidali zidan –une hartan kanpoan nintzenez liburua eskuratzeko modurik ez nuen– eta pantaila aurrean irakurtzen ez hasteagatik irakurri ahala itzultzen hasi nintzen, eta asko gustatu zitzaidan esperientzia. Liburu hau ere horrela itzuli dut eta oso esperientzia polita izan da, intrigazko liburu bat irakurtzeko gogo horrekin itzuli dudalako”.

Egileari buruz
Ibon Martin bidaietako gidak idazten hasi zen, baina une batean fikzioa idaztera igaro zen. “Haurrentzat idatzi du, fizkio historikoa ere landu du, baina nobela beltzean nabarmendu da batez ere”, adierazi du Xabier Mendiguren editoreak. “Leire Altuna protagonista zuen saga bat egin zuen, lau nobelaz osatua; Isiltasunaren itsasargia da saga hartako lehen alea. Gero, ordea, jauzia eman du. Batetik, bere liburuen autoeditorea izatetik gaztelaniazko bere edizioak Plaza&Janes argitaletxearen esku uztera igaro da. Bestetik, beste protagonista bat sortu du: Ane Cestero izeneko ertzain bat eta haren lan-taldea. Eta azkenik, Pasaiatik Urdaibai ingurura salto egin du”.

Tulipen dantza
Leku lasai eta ederra da Urdaibaiko itsasadarra, naturaren mirari bat gizakien eskura. Alabaina, baretasun hori laster apurtuko da, kazetari ezagun bat trenbidean lotuta agertuko baita trenak harrapa dezan. Guztia zuzenean grabatua izango da gainera, eta Internet bidez zabaldua. Krimen lazgarri bezain ankerra, beste zenbaiten aurrekari izango dena, eta denetan egilearen sinadura makabro bera: tulipa berezi bat,odola bezain gorria, bizitza bezain delikatua.
Ane Cestero izendatu du Ertzaintzak kasuaren arduradun, eta bere taldearekin goi eta behe ibiliko da Urdaibaiko mendi eta kale, itsaso eta paduren artean, hilketa misteriotsu horien egilearen atzetik. Zein da, baina, hiltzaile tulipazale horren motibazioa? Zein, horren gupidagabe jokatzeko arrazoia? Eta zein izango ote da haren hurrengo pausoa?

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments