Kepa Altonaga: “Benetako misterioa da nola iritsi ziren 1925eko irailaren 17an Saran Axularren eguna ospatzera”

0

Kepa Altonagak (Loiu, 1958) Pamiela etxearekin Upaingoa sailean argitaratu berri duen Axularren gerizapean saiakera aurkeztu dute gaur eguerdian Donostian egileak berak eta Jose Angel Irigaray editoreak. Azken honek azaldu duenez, “badirudi tituluarekin gugandik eta gaur egungo kezketatik urrundu egiten dela egilea, baina ez da hala. Kepak sarri oso gutxitan transmitituak izan diren gauzak kontatzen ditu, ezkutuan dauden horiek desehortzi egiten ditu eta gaurko egunetara ekarri, kontatzeko zer lotura dauden batzuen eta besteen artean. Horrek egiten du Altonagaren liburuak interesgarriak izatea, atxikitzen zaituzten horietakoak. Eta Axularren gerizapean ere hala dela iruditzen zait”.

Editoreak aipatutakoaren ildotik ekin dio egileak bere jardunari: “Liburua ez doa XVII. mendeko Axular zaharrari buruz, urrunegi daukagu”. Liburuaren kontakizuna 1925eko irailaren 17an Saran ospatu zen Axularren egunaren inguruan harilduta dago. Egun horretan, kroniken arabera, bildu ziren “Eskual Herriko idazle maitatuenak”, bai Iparraldekoak eta bai Hegoaldekoak ere. “Hor bazegoen berritasun bat, nobedade handi bat. Esan liteke Axular zaharraren konjuruak erakarri zituela, lehen aldia baitzen mugaz alde bietako idazleak batzen zirena horrelako ekitaldi batean. Baina benetako egia, gehienetan bezala, askoz interesgarriagoa eta argigarriagoa da, eta horixe da liburu honetan kontatu nahi dudana: batetik, bigarren kapituluan ikusiko dugu zer izan zen eta norainoko garrantzia izan zuen egun horrek. Eta, bestetik, azkenekoetan zulatuko dugu egun gogoangarri horren antolaketaren misterioa. Gauzak ez ziren mirakuluz suertatu, benetako misterioa baita nola iritsi ziren Axularren eguna ospatzera”.

Altonagak azaldu du ibilbide luzea egon zela egun hartairano iritsi aurretik, eta mugarri nagusi biak ekarri ditu kontakizunera: “Lehena, Zornotzako bazkaria: 1914ko urrian 32 idazle bildu zituena, den-denak gizonezkoak. Bigarren mugarria zazpi urte geroago izan zen Oiartzunen 1921eko ekainean: bilkura horretan 57 lagun elkartu ziren, eta azpimarragarria da tartean bazirela andrazko bat eta Iparraldeko idazle bi”. Edonola ere, Altonagak gaineratu du Axularren egunaren ardatz horren inguruan makina bat joan-etorri aurkituko duela irakurleak: “Joango gara, esate baterako, 14ko Gerla Handiaren su-lerroetara, edo joango gara Mexikoko San Luis Potosí estatuko zilar-meatzeetan aberastera, edo ikusiko dugu Portugaleteko zubi eskegia lehenago eraikitzen…”.

Altonagak aitortu duenez, liburua kronologia pertsonal batetik abiatzen da, eta “hortik ikusten da ideiak zelan joan diren garatzen norberaren golkoan. Uste dut horrek pilpira bat damaiola testuari, errealago bihurtzen du, hurbilagoko egiten du diskurtsoa, eta erraztu egiten du konplizitatea irakurlearekin. Saiakera normalak idorragoak, astunagoak, inpertsonalagoak, urrunagoak izaten dira, eta irakurleak igarriko du egilearen bihotzaren zati bat dagoela testuan”.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments