Bizkaiko emakumeen euskal literatura izeneko tailerra eskainiko du Josune Muñozek Bizkaiko Foru Liburutegian, otsailaren 7tik apirilaren 25era (asteartero). Izena emateko epea zabalik dago otsailaren 2ra arte.
Tailerraren helburuak honako hauek dira: Bizkaiko emakumeen literatura (ahozkoa zein idatzizkoa) hobeto ezagutzea, eta emakumeen liburuak eta komikiak irakurtzeko ohitura sortzea edo areagotzea. “Izan ere, Bizkaiko emakumeen iragan literarioa ez da ondo ezagutzen, baina ibilbide luzeko ondarea da. Ahozko adierazpideetatik abiatuta, emakumeen izenak eta lanak berreskuratuko dira, egungo literaturara iritsi arte”, azaldu dute antolatzaileek.
Bertan hainbat gai tratatuko dituzte tailerrean: baladak, ipuinak eta herri kantak, edo emakumetasuna gaia (amak, alabak, arrebak, ilobak, etab. Bizenta Mogel, Errose Bustintza); baita idazle, ilustratzaile edota bertsolarien ibilbideak ere, tartean, Miren Agur Meabe, Yolanda Arrieta, Laura Mintegi, Ana Urkiza, Irati Elorrieta, Irati Jiménez, Alaine Agirre, Ohiane Amantegi, Lizar Begoña, Leyre Vargas, Alaine Agirre, Iraia Okina, Eider Eibar, Arantza Plaza, Onintze Enbeitia, Miren Amuriza, Sonia Gonzalez, Leire Bilbao, edo Nerea Arrien.
Josune Muñoz euskal filologoa da eta emakumeek sortutako literatura eta komikiari buruzko ikerketa eta irakaskuntzan aritzen da. 2003tik Skolastika proiektua zuzentzen du Emakumeen literaturaren gaineko aldizkarietan kolaboratzailea da, gaiari buruzko zenbait hitzaldi eta topaketetan parte hartzen du. 2014. urtean Café para madres izenburuko ekimena martxan jarri zuen; bertan amatasuna eta honek dakartzan egungo erronken gaineko hausnarketa eta eztabaida pizteko.