Pamiela etxearen Bagara saileko hirugarren liburua aurkeztu berri dute otsailaren lehenarekin Donostian: Rosa Valverde eta kutxak. Maialen Lujanbioren eta Arrate Rodriguezen arteko elkarlanaren emaitza den album hau Rosa Valverde artistaren lanean oinarritua dago, Maialen Lujanbiok azaldu bezala: “Egin zitzaigun proposamena Rosaren ingurukoa zen baina kontua ez zen Rosaren biografia edo bere bizitzari buruzko lan dibulgatiboa egitea, haren lanetik abiatuta zerbait librea egitea baizik, eta hori oso ardatz inportantea izan da gero emaitza ulertzeko”. Proposamen horretatik abiatuta, Rosa Valverderen kutxen sailean inspiratuta sortu dute liburua. “Libreki egin dugu, gure irudimenari eta asmamenari lekua utzi diogu, baina lotura estu-estua du Rosaren lanarekin eta, pentsatu nahi dut, baita berarekin ere”. Lujanbiok azaldu duenez, liburuak ezkerreko eta eskuineko orrialdeetan banatutako bi hari paralelo ditu, eta une batean hari horiek bat egiten dute amaierara heltzeko. “Egunerokoak, arruntak izan daitezkeen objektuekin egiten da jolas, itxuraz esangura handirik ez duten horiekin, hain zuzen ere, obketu horien barruan, atzean edo objektu horien itxuraz harago zer egon daitekeen asmatzeko. Hori da egiten den proposamen jolastia eta hortik dator garapena”. Arrate Rodriguezen lana izugarri ederra dela gaineratu du hernaniarrak, eta gozamena dela orain liburu bihurtuta ikustea.
Arrate Rodriguezek azaldu du Maialenekin lan egitea “mundiala” izan dela, eta “oso erraza. Elkarlan handia izan dugu, ez ditugu testua eta irudia bakoitzak bere aldetik landu. Izan ere, elkarlan horrekin ulertzen dut nik albumaren praktika, eta elkarlan hori da ondo erditzeko modurik onena. Oso Rosa Valverde gelditu zaigula uste dut. Oso emakume potentea dela esango nuke, mundu oso aberatsa zeukana, eta ideia ezberdin askoz betetako mundu hori hona ekarri dugula iruditzen zait”. Maialenek aipatutako objektu edo traste horiei bizitza ematea lortu dutelakoan dago Rodriguez, “gustagarri geratu direla uste dut. Badu zerbait oso plastikoa dena eta eraikitzeko, sortzeko… gogoa ematen duena”.
Rosa Valverde
Garazi Ansa eta Haizea Barcenilla dira Bagara saileko zuzendariak. Garazik azaldu du sail honen jatorria Donostiako San Telmo museoan egindako erakusketa batean dagoela. “Ohartu ginen zein gutxi ezagutzen ditugun euskal testuinguruari lotutako emakume artisten lanak, emakume horien praktika zabaltzeko beharra ikusi genuen. Eta ideiari bueltaka ari ginela hedapen hori haurrei eta euren inguruari zuzentzea pentsatu genuen, albumen sail baten bidez”.
Rosa Valverde emakume horietako bat da, hain zuzen ere. “Gipuzkoako artista bat, tamalez ez oso ezaguna”, Haizea Barcenillak azaldu bezala. “Liburua Rosaren kutxen praktikan oinarrituta dago, orain gutxi arte hain ezaguna ez zena eta oso interesgarria iruditzen zaiguna. Bere artelana oso pertsonala eta bakarra da”. Haizeak gaineratu du beti saiatzen direla albumaren ilustratzaileak aukeraturiko artistarekin loturaren bat izan dezan, eta Rosa Valverde aukeratu zutenean berehala etorri zitzaiela burura Arrate Rodriguez, “iruditzen zitzaigulako bien artean bazegoela halako lotura bat”. Arratek berak proposatu zien sailaren arduradunei testua idazteko proposamena Maialen Lujanbiori zuzentzea.
Esan bezala, Rosa Valverde eta kutxak Bagara saileko hirugarren liburua da; beste biak Esther Ferrer eta denbora eta Mari Paz Jimenez eta pintura dira.