Euskararen Etxeak sustaturiko Liburuaren Arbola erakusketa ibiltaria Bizkaiko Foru Liburutegian izango da ikusgai apirilaren 29ra arte. Portugaleten, Ondarroan, Getxon, Amorebieta-Etxanon, Zallan eta Gernika-Lumon izan ondoren, Bilbora heldu da Gorka Arrese editoreak apailaturiko erakusketa.
Erakusketan gizakiak sortu duen gauza unibertsaletako baten inguruan ardaztu da: liburua, eta liburua bera zer den ulertu eta bere garrantzia azpimarratu nahi da. “Historiako lehen hedabide masiboa da liburua: aurreneko objektu industriala. Liburua inprimategian saldoka egiteari esker mundua bizkor aldatzen hasi zen XV. mendetik aurrera. Liburuetan esperientziak eta jakintzak elkarrekin trukatuz eta itzuliz, era askotako aurrerapenak egin ziren denbora laburrean.”
Bisitariak erakusketaren bidez ezagutuko ditu hizkien anatomia, testuen formak, liburuaren atal ezberdinak eta hauek nola izendatzen diren euskaraz. Antolatzaileek azaldu duten moduan, “liburua zuhaitz baten modukoa da, arnasa ematen du, babesa eta itzala, edertasunaren plazera eta argiaren sintesia. Liburuak zure jakin mina, pentsamenduak eta hizkuntza oxigenatzen ditu. Liburua zabaldutakoan, besarkatu egiten zaitu: zure irudimena eta inteligentzia kilikatzen ditu. Abentura bat da irakurtzea, desiraren eta askatasunaren lurralde zirraragarrietan barrena”.