Maiatz etxearekin plazaratzen duen hirugarren poemategia du Aritz Mutiozabalek Zetakak. “Nire poesia barrua erretzen didan ezin egonaren isla da. Nire baitako oinazearen eta sufrimenduaren erradiografia. Bulkada zuri-beltzak, trantze gisa kanporatuak, ordenagailuko teklak zanpatuz eta pantailan lerro minak idatziz. Horrela izan da literaturarekin lardaskan hasi nintzenetik: pozetik baino errazagoa zitzaidala tristuratik edo haserretik idaztea. Hasieran terapia moduko ariketa bihurtu nuen, eta pixkanaka lehiaketak, sariren bat eta lehen publikazioak etorri ziren. Baina minak hor jarraitzen zuen, sufrimendua ene baitan zegoen: zetaka bat neukan ariman eta poesia idatzita bakarrik ezin nuen garbitu”, azaldu du idazleak liburua kaleratu berritan.
“Bospasei urte pasatu dira harrezkero, eta Zetakak poemategi honetan jasotzen diren olerkiak nire bizitzako sasoi ilun horretan idatzi nituen. Helduleku moduko zerbait izan ziren: denboralea sartzen denean, itsasontzi handien artean nola hala atrakatzen duen txalupa txikia bezala. Gerora, azken urteetan, berridatzi, moldatu eta zorroztu egin ditut hasieran zuten gehiegizko ezkortasuna eta izaera etsia nolabait ere baretzeko”.