“Azkoitia, Baztan, Galdakao, Hernani, Lazkao, Sara, Zarautz eta Ziburu. Zorti herri eta hautu bat: euskara hutsezko azokak eta plazak antolatzea euskal literatura eta musikagintza sustatzeko. Bildu eta saretzea erabaki dugu, hitza eta musika batzen dituen DOINUELE izendatuz gure sarea eta biak irudikatzen dituen logoa hautatuz: aurrerantzean 8 herrietako azoka edo plazen komunikazioan, bakoitzaren logoaz gain, DOINUELErena ere agertuko da, nor bere herrian ari bada ere Euskal Herri mailan koordinatuak garela adieraziz”.
Halaxe aurkeztuko dute zortzi herrietako eragileek DOINUELE. Zortzi herriek errealitate ezberdinak dituztela adierazi dute, baina arazo bera: “legezko babes ofiziala ukan edo ez, euskara hutsez bizitzeko nekezia edo ezintasuna eta euskaraz (ere) bizitzeko lanak! Hots, kasurik hoberenean gure hizkuntz eskubideak aitortuak badira ere ez dira bermatuak, ez aplikatuak. Jakina da: ezagutzak gora egin badu ere azken hamarkadetan, erabilerak kale. Gutxiengoan gaude euskaldunak euskararen herrian, gutxiago egunero erabiltzen (ahal) dugunak, eta oraindik gutxiago euskaraz irakurtzen dugunak”.
Jabetzen dira hizkuntza guztien arazoa dela ez liburua, ez diskoa ez daudela moduan, are larriago egoera minorizatuan dauden mintzairen kasuan. “Ez da txikia eta arriskurik gabea euskara hutsez aritzeko hautua egitea: sortzaileek, idazle nahiz musikariek, murritzagoa publikoa; editore eta diskoetxeek apalagoa bezero kopurua; plaza eta azokek bisitariarena. Eta hala ere hor gaude, lehen eta orain aukera bera egin duten beste asko lez, euskara hutsak batzen gaituelako. Aspertuta gaude gure hautua azaldu, justifikatu eta defenditu beharraz: euskaraz bizi nahi dugu normaltasunez, naturaltasunez eta lasaitasunez. Herri batzuetan, zorionez, hori gehiagotan lortzen badute ere, denei parada ematen diegu gure plazek irauten duten egunetan euskararen herrian murgiltzeko eta hartaz gozatzeko. Ez baita gutxi”.
Euskara hutsezko publikoa, irakurlegoa, entzulegoa, haur, gazte eta heldu, indartzea dute helburu ekimenaren bultzatzaileek, “euskaraz bizi den sarea salbatzea; azokak errentagarri egitea, jendetsuak eta biziak, anitzak, euskararen komunitatearen topaleku eta ispilu; kultur sortzaileak, idazle eta musikariak, ilustratzaileak eta itzultzaileak, editoreak eta literatur aldizkariak sostengatzea; euskalduna den jendea liburu/diskora ekartzea eta liburu/diskoa herritarrei hurbiltzea; euskarazko liburu eta diskogintzaren aniztasun eta aberastasuna plazan ikusaraztea. Goxo eta atsegingarri baita euskaraz bizitzea: gure txikian bagara nor, hemen gaude eta egon gura dugu”.
Zortzi herri eta ekimenak
Honakoa dira, gaur gaurkoz, DOINUELEren barruan dauden zortzi herri eta ekimenak, eragileek ateak zabalik utzi baituzte sarera batu nahi dutenentzat: Azkoitiako ‘Gure Gelatik’, Baztango ‘(H)Ilbeltza’, Galdakaoko ‘Sormene’, Hernaniko Liburu eta Disko Azoka, Lazkaoko Liburu eta Disko Azoka, Sarako ‘Ikusi Mikusi’, Zarauzko ‘Literaturia’ eta Ziburuko Liburu eta Disko Azoka.
Eta honakoa da aurtengo ekitaldien zerrenda:
– Urtarrilean iragan zen Baztanen ‘(H)Ilbeltza, (H)Ilbeltza elkarteak antolatua.
– Martxoaren 24an eta 25ean Azkoitian ‘Geure Gelatik’, Maxixatzenek antolatua.
– Apirilaren 27tik 30era Galdakaon ‘Sormen’, Udaleko euskara zerbitzuak herriko liburudendekin batera antolatua.
– Maiatzaren 5etik 7ra Zarautzen ‘Literaturia’, Literaturia elkarteak antolatua.
– Ekainaren 3an Ziburuko Liburu eta Disko Azoka, Baltsan elkarteak eta Argia komunikabideak antolatua.
– Irailaren 30ean Hernaniko Liburu eta Disko Azoka, Dobera euskara elkarteak antolatua.
– Urriaren 20an eta 21ean Saran ‘Ikusi Mikusi’, Kiribil, Pamiela, Galtzagorri, Euskokultur eta Denon Artean-ek antolatua.
– Abenduaren 15etik 17ra Lazkaoko Liburu eta Disko Azoka, Gerriko elkarteak antolatua.