Aintzane Usandizagak martxoaren 27an aurkeztuko du bere lan berria

0

Elkar argitaletxeak martxoaren 27rako iragarri du Aintzane Usandizagaren Zomorrotu narrazio bilduma berriaren aurkezpena. Aurkezpena goizeko 11:00etan izango da Donostiako Fermin Kalbeton kaleko Elkar aretoan, eta idazlearekin batera bertan izango dira Xabier Mendiguren editorea eta Danele Sarriugarte idazlea.

Zomorrotu
Nobelaren eta ipuin-bildumaren arteko lurralde paduratsuan kokatzen da Zomorrotu hau: bost istorio luze, barnean hainbat atal dituztenak, eta batetik bestera igarotzen diren pertsonaiak, pasadizoak, erreferentziak.
Eremu lanbrotsu batean mugitzea hautatu du Aintzane Usandizagak: fokua pertsonaia batetik bestera pasatuz, perspektiba-aldaketak zalantzan jarriko digu ziurtzat geneukana, zer den erreala eta zer irudikatua.
Autoeskolako irakasle sasifilosofoa, keinu bilduma egiten duen neska beti-jatorra, lesio bat eta landare asko zaindu behar dituen aita kezkatua, ikuspegi originalen bila dabilen musikaria… lausoak dira pertsonaiak ere, labainkorrak haien arteko harremanak, anbiguoak sentimenduak.
Bere behaketa erne, begirada ironiko eta idazkera doiaz, heldutasun handiko liburua ondu du egileak, enigmatiko bezain magnetikoa.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments