Akademiakideek Azken etxea eta Desertuan behatxuloa lanen artean hautatu behar dute sariduna
2022. urteko 111 Akademiaren Saria nori eman erabakitzeko 111 Akademiak hirugarren eta azken bozketa txanda martxan jarri berri du. Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea, Nerea Ibarzabalen Bar Gloria, Anjel Lertxundiren Desertuan behatxuloa, Aingeru Epaltzaren Erretzaile damutuen konpainia eta Maddi Ane Txoperenaren Ez erran inori izan dira lehian bigarren txandan, lehenengo bueltan boto gehien jaso zuten bost obrak, alegia. Bigarren bueltan saridun izendatzeko beharrezkoa den botoen % 40 lortu duen lanik ez da izan eta, beraz, boto gehien jaso duten bi obrak aurtengo finalera igaro dira: Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea eta Anjel Lertxundiren Desertuan behatxuloa. Bi horien artean hautatu beharko dute sariduna akademiakideek apirilaren 23ra bitartean.