Garazi Arrula: “Editoretzari eta itzulpengintzari esker ikasi dut irakurtzearen garrantzia”

0

Liburu aurkezpenen, elkarrizketen eta promozioaren zurrunbiloan sartua da Garazi Arrula Ruiz idazle, itzultzaile eta editorea (Tafalla, 1987). “Ohitua naiz jendaurrean beste idazleen lanen bertuteak goraipatzera, baina kosta egiten zait nireez ezer esatea”, aitortu du. Gu orduko hauek (Txalaparta, 2017) ipuin liburuaren eta Bidean (Denonartean, 2018) haurrentzako albumaren ostean, helduentzako bigarren kontakizun sorta argitaratu berri du: Lurraz beste (Txalaparta, 2023). Oraingoan, errotzeez eta deserrotzeez mintzo da errealitatearen arrakaletan hazitako zortzi kontakizunotan. Mugimenduan diren bizitzez eta “non edo han erroak botaz gero, inork helduko ote dien bere buruari galdetzen diotenez”.

Sei urte joan dira Gu orduko haiek argitaratu zenuenetik.
Bai, bada denboratxo bat, baina liburu baten eta bestearen artean, gauza mordoa egin dut literaturarekin lotuta: tesia aurkeztu dut, Bidean bilduma atera dut, itzulpen lan batzuk egin ditut, eta editore lanetan ere, 80 bat liburu argitaratu ditut denbora horretan… Hortaz, ia ez naiz konturatu hainbeste denbora pasatu denik. Horiek guztiak tarteko, 2020an hasi nintzen ipuinok idazten. Uste dut lehen zirriborroak 2020ko urtarrilekoak direla.

Pandemiaren bezperan, beraz. Lagungarri izan zitzaizkizun itxialdia eta bakartze behartua? Idazteko, ez dakit… Irakurtzeko, bai. Eta horrek laguntzen du beti.

Zeri egiten dio erreferentzia Lurraz beste izenburuak?
Hasieran, ipuinetako baten izenburua zen. Laugarren ipuina-edo idazten ari nintzela, ordea, ohartu nintzen kontakizun guztietan ari nintzela kontzeptu beraren inguruan bueltaka: era bateko edo besteko errotzeak eta deserrotzeak. Iruditu zitzaidan Lurraz beste tituluak ongi islatzen zuela adierazi nahi nuen ideia hori, eta, azkenerako, ipuinari izena aldatu eta bildumarako gorde nuen.

Hortaz, idazketa prozesuaren erdian topatu zenuen ipuin bildumaren kontzeptu nagusia?
Bai, hori da. Ez zen aldez aurretik pentsatutako ideia bat. Ipuin batzuk idatziak nituela, konturatu nintzen hor zegoela: errotze eta deserrotze fisikoak, denborazkoak, geografikoak, profesionalak, pertsonalak… Uste dut denontzat beharrezkoa dela erroak nonbait botatzea, baina zer gertatzen da zapaltzen dugun lur hori dardarka hasten denean edo zoru sendotzat genuena lokatz bihurtzen denean? Nondik askatuko ditugu erroak eta nora bota? Ipuin guztien oinarrian, galdera edo abiapuntu hori dago. Eta horrekin lotuta, trantsitoaren ideia ere badago.

Trantsitoa?
Bai. Leire Vargasek, liburua irakurri zuenean, esan zidan pertsonaiak mugimenduan zirela une oro. Eta hala da. Trantsitatzen ari diren pertsonaiak dira, literalki nahiz sinbolikoki. Aldaketa betean ezagutzen ditugu, edo ipuinean bertan “krak!” bat dago eta horrek eraginen du aldaketa. Desplazamendu geografikoak ere oso ugariak dira liburuan. Ipuin ia guztietan mugitzen ari dira pertsonaiak fisikoki, trantsito sinboliko hori islatuz.

Eta liburuaren azalean, kaktus bat. Ipuinek zizt egin dezaketen seinale?
Esteban Montorio ‘Monti’-ren diseinu bat da. Azala prestatzen hasi aurretik, Iratxe Retolaza editoreak libururako eginiko sinopsia bidali nion, eta nik idatzitako beste burutazio batzuk, eta hortik atera zen irudi hori. Bere esanetan, azaleko irudiak ez du dena azaldu behar, ezta erredundante izan ere. Sortu behar du ideia bat. Eta aitortuko dut, lehen aldiz ikusi nuenean ez nuela biziki maite izan kaktusaren irudi hori. Harritu bai, harritu ninduen, baina ez nuen oso ongi ulertzen. Pixkanaka, ordea, esanahi eta interpretazio posible gehiago aurkitu dizkiot, eta lotura handia nik ipuinetan adierazi nahi nuenarekin: kaktusa ez da landare autoktonoa, arrotza da berez, baina etxe askotan aurki dezakegu; gai da egoera oso zailetan erroak botatzeko; zaindu nahi dugu, baina mina eman ahal digu… Interpretazio ugari dituen irudia da, beraz.

Habitatak ipuinean, Iruñeko auzo eta leku ezagunetatik igarotzen da protagonista; Zu zara nagusia-n, berriz, oso presente dago Bilbo. Eta lekuak izendatzen ez diren ipuinetan ere, ezagun sentitzen dira pertsonaiak eta gertakizunak. Bertoko errealitatean oso errotuta…
Bai, aurreko liburuan ere halaxe egin nuen. Ez naiz oso irudimentsua, eta ezagunak ditudan toki eta egoeretara jotzen dut. Maite ditut beren tokian eta beren garaian kokatutako kontakizunak. Bestelakoak ere bai, noski, baina, idazteko garaian, oso argi izan behar dut non eta noiz gertatzen diren gauzak. Ikusi, usaindu eta ukitu behar ditu. Nahiz eta gero testuan ez esplizitatu. Eta pertsonaiekin ere gauza bera gertatzen zait: bakoitzaren ezaugarritze osoa egiten dut, idazten hasi aurretik ere. Badakit nor diren, nori ematen dioten botoa, umeak zirelarik zer izan nahi zuten handitan… Ipuinean agian ez da informazio horren laurdena ere agertuko, baina nik behar dut pertsonaia eraiki eta osorik ikusi. Nire memoriarekin ere badu zerikusirik: oso memoria txarra daukat, eta joera dut xehetasun guztiak idazteko, ez ahazteko. Era berean, irudimentsua ez banaiz ere, behatzailea ona naiz, eta xehetasunetan fijatzen naiz. Irakurle modura, xehetasun horiek oso lagungarri zaizkit kontatzen dena ukigarriago egiten.

Liburuan nabari da pertsonaiek badutela irakurleak ezagutzen ez dituen iragan bat eta etorkizun bat.
Batzuek esan izan didate: “Garazi, ipuinak bukatu gabe uzten dituzu!”. Finean, nik pertsonaien bizitzaren puska bat hartzen dut [zerbait akotatzearen keinua egin du, esku-ahurrak aurrez aurre jarrita], baina horren aurretik ere bizi izan dira, eta ipuina bukatuta ere biziko dira… Tira, ipuinean bertan hiltzen ez baditut, baina normalean ez ditut nire pertsonaiak akabatzen, kar, kar! Irakurleak ez du pertsonaien gaineko informazio guztia, soilik idazleak orrialde horietan eman nahi diona. Baina hori ere bizitzan geratzen zaigu, ezta? Norbait ezagutzen dugunean edo norbaitekin topo egiten dugunean, bere bizitzaren puska txiki bat besterik ez dugu ezagutzen, eta harekin dugun hartuemanean osa dezakegu falta zaigun informazioa. Bestela, ez dago jakiterik. Norberak osatu behar du puzzlea, eta nik horixe eskaintzen diot irakurleari: nire pertsonaien bizitzen puska bat, izan ordubete, astebete edo urte oso bat.

Ipuinak egungo errealitatean errotuta daude, baina, formari dagokionez, libertate handiz jokatu duzu, eta formatuak eskaintzen dituen aukerak baliatu dituzu: gertakariak kronologikoki ordenaturik azaldu beharrean, denboran atzeraka eta saltoka doazen ipuinak; lehen, bigarren edo hirugarren pertsonan idatzitakoak; iraganean nahiz orainaldian kontatutakoak. Gogoa zenuen literaturarekin jostatzeko?
Liburua irakurri dutenek hori esan didate, bai. Formalki, oso liburu askea dela eta askotariko ipuinak daudela. Egia da. Forma narratibo ezberdinak uztartu ditut, baina ez da nahita hartutako erabakia izan. Berez atera dira horrela, hasieran ez bainekien zenbat ipuin izanen ziren ere. Hortaz, formarena ez da aurretiaz bilatzen dudan zerbait: istorioa daukadanean, saiatzen naiz horri hobekien egokituko zaion forma ematen. Bildumari bukaera ematen dion Azeri-ezkontza ipuina da, forma aldetik, gehien pentsatu nuena. Istorio hori eszenatan kontatuta dago, kamera batek grabatu izan balu bezala. Ez da sentimendurik edo pentsamendurik azaltzen, soilik ikusten dena. Hori idazterakoan, buruan nituen Raymond Carverren Katedrala ipuina eta Pier Paolo Pasoliniren Teorema filma. Eta argi gera dadila: horiek aipatuta, ez dut inongo asmorik ni haiekin parekatzeko, baina halako ariketa estilistiko bat egin nahi nuen. Banuen istorioa buruan, eta iruditu zitzaidan, formari dagokionez, halako zerbait izanen zela egokiena. Ariketa zailena izan zen hori.

Zergatik?
Niretzat askoz errazagoa delako pertsonaia batek pentsatzen edo sentitzen duena azaltzea, zerbaitek min egin diola edo hunkitu dela kontatzea… Baina zure burua behartzen duzunean ikusten edo entzuten dena soilik deskribatzera, oso mugatuta zaude: pertsonaiak eraiki behar dituzu keinuen bidez eta batzuek besteei esaten dietenaren bidez. Dena den, formak eta istorioak halako engranajeak behar dituzte batzuetan. Eta, batez ere, inportantea da ez daitezela antzeman ipuinaren atzean dauden mekanismoak eta aldamioak.

Behin idazten hasita, azkar atera dira ipuin guztiak ala prozesu luzea izan da?
Beti pentsatu izan dut oso motel idazten dudala. Ez dut azterketa enpirikorik egin eta ez dut nire burua beste inorekin alderatu, baina beti izan dut sentsazio hori. Urteetan izan ditzaket ipuinen ideiak buruaren atzealdean, hor nonbait gordeta. Puskaz puska janzten ditut, pixkanaka: adartxo bat jarri, gero beste bat… Eta horrela joaten naiz ideiak elikatzen eta habia egiten. Eta azkenerako, ez dut ideia horiek guztiak zurian beltz jartzea beste erremediorik. Kasu honetan, 2020ko urtarrilean hasi nintzen ipuinak ordenagailuan idazten, baina auskalo noiztik nituen buruan. Behin idazten hasita, bi eta lau hilabete artean eman ditzaket ipuin bakoitzarekin.

Idatzitakoa asko aldatzen dugu?
Behin hasita, badut lan handia aurreratua. Oso-oso gutxitan gertatu zait ipuin bat idazten hasi eta bukatu gabe uztea. Ideia nahiko borobildua dut buruan, lehen esaldia idatzi aurretik ere.

Idazlea eta itzultzailea izateaz gain, editore zara ogibidez. Kosta egiten zaizu edizio prozesuaren alde batean eta bestean aritzea?
Irudipena dut etengabe ari naizela mozorroak jantzi eta erantzi. Batzuetan itzultzaile jantzita nator, beste batzuetan editore mozorroa daramat… Egia esan, oso erraz egiten dut nik larru aldaketa moduko hori, baina kanpokoekin ditudan harremanetan sortzen zait nahasmasa. Lurraz beste libururako, Iratxe Retolazak egin du editore lana. Harekin lan egin nahi nuen, nire aurreko ipuinak irakurri zituelako, eta fidatzen naizelako. Badakit irizpide ona duela. Gainera, Txalapartak argitaratu duenez, berariaz bilatu dut dut etxetik kanpoko editore baten begirada. Horrez gain, zorionekoa naiz, jende ona dudalako inguruan, eta irakurle taldetxoa osatu ahal izan nuen liburua argitaratu aurretik: sare txiki bat sortu genuen, idazketa prozesua nolabait kolektibizatzeko, eta, Iratxez gain, bina lagunek irakurri zuten ipuin bakoitza. Hortik ere jaso ditut iritziak, iruzkinak eta bestelakoak.

Editore izateak lagundu dizu idazketa prozesuan?
Idazketari balioa ematen lagundu dit, batez ere. Horrez gain, lagungarri da gauzen neurria hartzeko: liburu bat argitaratzea zer den. Nik, dena den, oso presente dut nire lanbidea editore izatea dela, eta hortik bizi naizela, ez idazketatik. Bestalde, editoretzak eta itzulpengintzak, biek gauza oso garrantzitsu bat irakatsi didate: irakurtzen. Idazteko, ezinbestekoa da irakurtzea.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments