Metafora bisualen unibertsoa

0

Estudiora iritsi bezain pronto, argazkilaria eta biok leporaino betetako horma baten aurrean paratu gara. Begiak zabal ireki ditugu hainbat eta hainbat ilustrazio, obra grafiko, argazki eta irudi zehatz-mehatz aztertzeko. Badu zerbait paretak, ederra bezain hipnotikoa dena. Artearen historian horror vacui deitzen zioten klasikoek espazio huts bat ezer gabe uzteari eta, ezinbestean, ezinezkoa da begirada bakar batez egile horien guztien lanak atzematea. Elkarren artean ia tarterik utzi gabe pilatzen dira irudiak, arnasa hartu ezinik daudela. Nonahi nagusitu den estilo nordikoaren hegemoniatik zeharo urrun, beraz. “Ongi etorriak antiminimalismora”, diosku Iker Ayestaranek (Donostia, 1976) umore puntu batekin. Pixkanaka-pixkanaka osatu du nolabaiteko mikrokosmos artistiko bat, hain zuzen ere haurtzarotik lagun duen zaletasuna erreproduzitzen eta areagotzen duen motor sortzailea.
Harro dago Donostiako Parte Zaharreko gune partekatu honetan elkartrukearen bidez osatu duen bilduma zabalaz. Daukaten kolore, vintage estilo eta itxura alaiagatik identifikatzen dira horman Ayestaranen ilustrazioak, eta naturaltasunez nahasten dira beste artista askoren lanekin. Eta, bat-batean, espresuki eskatu gabe, bisita gidatua eskaini digu bioi. Segituan azaleratu dira azken hamarkadetako euskal ilustrazioaren izen nagusi batzuk, horien artean, Elena Odriozola, Diego Besné, Álvaro Matxinbarrena, Mikel Casal, Susana Blasco, Lanzagorta eta David Navascues. Gertukoak ditu gehienak, lagunak eta ezagunak, benetan apreziatzen dituenak. Aldika-aldika azalpenak ere eman ditu askotariko munduak biltzen dituen bulego honetan.
‘El Tipo Gráfico’ bezala ezagunagoa den Miguel García web diseinatzailearen konpainian, bere proiektuak era independentean garatzen ditu Ayestaranek. Jazz musika atsegina jarri dute soinu banda gisa, eta udaberriko eguzkiaren izpi ahulek leihotik sartzeko saiakera egin dute. Garcíak Kunsthal diseinu institutuan ikasi zuen, eta espazio intimo horretan elkarlana ere sustatzen da. Ayestaranek aitortu du, bere lagun eta lankide (edo zehatzago esanda: coworkalari) den Garcíaren ikuspuntua sarritan hartu duela kontuan bere metafora bisualak sortzerakoan.

Alde handia al dago hedabide txiki batentzat lan egitearen eta Ipar Amerikako erreferentziazko egunkari batentzat egitearen artean?
Aldatzen dena prozesua da. Estatuko prentsarentzat lan egiten duzunean, ilustrazioa berehala egin behar da, egun batetik bestera. Estatu Batuetan, aldiz, idatzizko kontratu bat sinatzen duzu eta normalean oso ondo ordainduta dagoen lana izaten da. Azken emaitzara iritsi aurretik, zirriborro batzuk emateko eskatzen dizute; hemen ez da halakorik gertatzen. Eta badago beste gauza bat ere: gertatu izan zait egun batean The Hollywood Reporter-entzat lan egitea eta hurrengo astean, Variety zinema aldizkariarentzat. Ipar Amerikan ez dira jeloskor jartzen. Zure lana gustatzen bazaie aurrera egiten dute, besterik gabe.

Gure inguruko komunikabideen artean pikeak badirela esan nahi duzu?
Bai. Ate batzuk itxi dizkidate hedabide jakin batentzat lan egin dudalako. Hori gertatu zait. Komunikazio talde ezberdinen arteko lehian handia da sektore honetan.

Lanen bat edo beste atzera bota dizute?
Ez, ez. Nazioartean zirriborroak lehenago eman behar direnez, aurretik irudikatu duzu zure ideia. Eta hemen ere ez dut arazorik izan. Zerbait atzera bota badidate, irakurketa bikoitzengatik izan da, ez egunkariaren ideologiarekin bat ez datorren interpretazio politikoa egiteagatik. Nik metafora bisuala erabiltzen dut. Aurrean artikulu konplexu bat dudanean, sinboloekin eta imajinario kolektiboa osatzen duten hainbat elementurekin jolasten dut. Ez dira izaten oso mezu literalak. Nahasi samarra eta delikatua den gai bat, ilustrazio poetiko eta polit baten bidez irudika daiteke.

Ez bustitzeaz ari zara?
Ez. Beste leku batera eramaten ditut gaiak. Adibide bat jarriko dizut. Katalunia eta Espainiaren arteko gatazka politikoa irudikatu behar nuen Eldiario.es egunkariaren azalean. Une hartan, politikariak ez ziren ados jartzen eta ez zuten elkar entzuten. Futbol zelai bat marraztu nuen eta berdegunea zuriz ebakitzen duten marrez arduratzen diren langileak ageri ziren lanean; horietako batek alde batera egiten zuen Espainiako banderaren koloreak margotuz eta besteak, aldiz, senyera-renak erabili zituen kontrako norabidean. Oso gustura geratu nintzen emaitzarekin. Izenburua hurrengoa izan zen: “Hitz egin behar dugu”.

Paperaren krisia bolo-bolo dabilen garai honetan, lan gutxiago izan duzu?
Niretzat askoz gogorragoa izan zen 2008ko krisiak eztanda egin zuenean. Prezioek behera egin zuten eta behin hori galduta zaila da berreskuratzea. Gaur egungo informazioaren ehuneko handi bat zuzenean bideratzen da webguneetara. 2022a gehien lan egin dudan urteetako bat izan da.

Klasean marrazten zuen haurraren klixea betetzen duzu, irakasleari jaramonik egiten ez zionarena?
Koadernoaren albo batean marraztu eta bi ertz zuriak betetzen zituena naiz. Panpinak, marrazkitxoak, zirriborroak… 16 urterekin jendeak nire etxe azpiko okindegian utzitako argazkien erretratuak egiten nituen. Pastela eta ikatz ziria erabiltzen nituen eta, ondoren, nire lanak entregatzen nituen. Beti gustatu izan zait marraztea eta margotzea.

Nola deskubritu zenuen ilustrazioaren mundua?
Donostiako diseinu eskolan. Ez nuen ilustratzaile hitza bera ere ezagutzen, ez nekien ezer ilustrazioari eta ilustratzaileei buruz, ezta lanbide bat zenik ere. Ezer ere ez. Egia esateko, Arte Eder ikasketak egin nahi nituen, baina hamarren batengatik ez nuen gutxieneko nota gainditu eta azkenean ez ninduten onartu. Bizitza bitxia da, hiruzpalau aldiz tokatu baitzait Arte Ederren Fakultatera joatea nire lanari buruz hitz egitera.

Ikasleek ba al zekiten bere garaian ez zintuztela fakultatean onartu?
Hirugarren aldiz joan nintzenean animatu nintzen eta kontatu egin nien gertatutakoa. Ez ziren harritu. Izan ere, azken batean konturatzen zara ibilbide bat mila modutara egin daitekeela eta garrantzitsuena ez dela ikasten duzuna, zerbait egiteko duzun gogoa baizik. Ilustratzailearen lana bokaziozkoa da. Ez duzu egiten famatua izateagatik edo aberasteagatik; gustatu egin behar zaizu. Nire kasuan, azkenean diseinu eskolara joan nintzen marrazketa ikasgairen bat nuelako. Argazkigintza ere ikasi dut. Hemen ez zegoen beste ezer. Gogoratzen naiz David Navascues ilustratzailea ezagutu nuenean, hemengoa izanik, aipatu zidala ilustrazio ikasketak New Yorken egin zituela. Sekulakoa izan zen berarik hori entzutea, ez nekien horrelako zerbait existitzen zenik ere!

Ilustratzaileek trebetasun tekniko eta sormen handia erakutsi ohi dute, eta zu ez zara salbuespen bat.
Oso ipurterrea naiz; ezin naiz geldirik egon. Nire egunerokoan komunikabideetan lan egiten dut, baina asko gustatzen zaizkit pintura eta eskultura. Kultura transmititzeko baina, bide ezberdinak daude.

Norekin konparatuko zenuke zure burua?
Genero ezberdinetan murgiltzen diren antzezleekin. Drama izan daiteke aktore baten lan eremu nagusia, baina sarri beste tonu eta erregistro batzuk lantzeko gai da, komedia arina edo thrillerra kasu. Aldatzea zilegi da. Artista baten obrak errealitatea interpretatzeko baliozkoa izaten jarraitzen du. Finean, diziplina artistiko baten eta bestearen arteko aldea ez da hain handia. Askotan, bi dimentsioko irudiak marrazten ditut paperean, hiru dimentsiotarako ere balio dutenak.

 

HEROI KUTUNAK: DAVID FINCHER ETA MIKEL LABOA
Zabala da artearen kosmosa, eta alor ugaritan primeran moldatzen dela erakutsi du Ayestaranek. Jakina da zinemarekin duen harremana estua dela. Loreak filmeko irudi ikonikoaren kartela egin zuen, beste batzuen artean. Beti dago prest txipa errotik aldatu eta beste gauza batzuk probatzeko. “Nire azken erakusketan jauzi handia egin nuen, ez bakarrik alde teknikoan, baita sormenean ere”, zehaztu du. 2022ko amaieran Donostiako Gros auzoko Arteuparte galerian aurkeztu zituen dozena bat koadro Road to 70s izeneko erakusketan. Eskema denak hautsi zituen. Mundu guztia harritu zuen; agian, baita bere burua ere.

Irudiarekin eta ilustrazioarekin komunikatzeko estilo propio eta espresiboa albo batera utzi zuen eta 1970eko urteetara atzera egiteko ariketa egin zuen. Hamarkada horretako Ipar Amerikako imaginario kolektiboa osatzen duten erreferentzia indartsuak margotu zituen, hainbat argazki eta filmen fotogrametatik abiatuz. Protagonismo handia dute egile donostiarrak bereziki maite dituen automobil vintage eta klasikoek. Atmosfera eta giro ilun eta deserosoak gailentzen dira margotu zituen koadroetan, eta haien atzean Edward Hopperren arrastoa aurki daiteke, baita Coen anaiena ere.

Baina nola sortu zen proiektua? “Barru-barrutik atera zaidana egin dut. Inork ez zidan ezer eskatu, ez zen enkargu batetik abiatu. Nahi nuena besterik ez nuen egin: David Fincherren zinemaren edo Mindhunter bezalako telesailen mundua aitzakia hartuta eman nion zentzua, 70eko hamarkadako rolloa erantsiz”. Paul Lataburu Arteuparteko jabeak erabateko askatasuna eman zion. Eta Ayestaran bere etxean hasi zen margotzen, gauez, seme-alabak ohean lasai lotan zeudenean, garagardo hotz batekin eta kontu handiz aukeratutako musikarekin. Ez zekien nora eramango zuen denbora batez finkatu zuen estrategia hark.

Errutina ezartzearen eta inspirazioaren arteko orekan zegoen gakoa. Ustekabean ezarritako prozesuak berehala konbentzitu zuen Ayestaran, “margotzea oso prozesu aberasgarria baita: arnasa beste erritmo batekin hartzen duzu, egiten duzuna zuretzat da”. Lasai eta patxadaz ereindako haziak fruitu oparoak eman zituen bere ohiko estilotik urrun samar. “Amerika goibel bat erretratatu dut, Hopperren unibertsoaren lanarekin lotzen dena”, haren esanetan.

Eskulturari dagokionez, etorkizunean jarraipena eman nahi dio orain arte egindako lanari eta, agian, denbora gehiago izanez gero burdinarekin esperimentatzea gustatuko litzaioke “beste maila batera eramanez”. Bukatzeko, musikari tartetxo bat emango diogu. Gaur ez darama jantzita Mikel Laboaren omenez aurreko udan Gaberako aterbea kantaren harira diseinatu zuen kamiseta. Iker Ayestaranek nahiago al du Negu Gorriaken bertsio rockeroa orijinala baino? “Biak gustatzen zaizkit, baina Mikel Laboarekin geratzen naiz. Oso Laboazalea naiz”.

 

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments