Maiatzaren 31n aurkeztuko dute HAMABOST EGUN URGAINEN nobelaren edizio berria

0

Jose Antonio Loidik 1995ean idatzitako Hamabost egun Urgainen eleberriaren edizio berri plazaratu du Erein argitaletxeak, eta maiatzaren 31rako iragarri du aurkezpen ekitaldia: Donostiako Udal Liburutegian izango da goizeko 10:00etan, bertan izango dira Jon Alonso hitzaurrearen egilea eta Uxue Razquin Erein etxeko editorea.

Hamabost egun Urgainen
Urgain bezalako herri baketsuetan ere gertatzen dira gauza ikaragarriak. Galde diezaiotela, bestela, Txomini, kanposantuko arduradunari: hildako bat lurperatzeko prestaketak egiten ari dela, tiro baten hoska ikusi dio aspaldi hobiratutako emakume bati! Nork egin zion tiro? Garaidi izeneko gazte batek hartuko du bere gain ikerketaren ardura.
Jose Antonio Loidi Bizkarrondoren Amabost egun Urgain’en eleberriaren edizio berria dugu hauxe; gaur egungo irakurleek arazorik gabe irakur dezaten finkatu nahi izan dugu 1955eko testua, Loidiren eta gure hizkuntzaren orduko doinua eta kolorea galdu gabe, ordea.
«Pertsonak ederki ikusten ditu [egileak], bai barrendik eta bai kanpotik; nork bere bizia du, berez ari dira eta berez mintzatzen, inork behartu gabe. Badaki gertakariak bata besteari josten eta, hori aski ez dela, ederki –arin, zorrotz eta biziro– ematen dizkigu aditzera».
Koldo Mitxelena

Jose Antonio Loidi
Errenteria, 1916 – Irun, 1999.
Farmazia, optika eta akustika ikasketak egin zituen eta arlo horretan aurkitu zuen ogibidea. Botikaria zenez gero, alor horretan ekarpen ugari egin zituen: Farmakofitonimia izeneko ikerlana idatzi zuen euskaraz 1982an eta UZEIren biologia hiztegia sortzen lagundu zuen. Erdaraz ere, hainbat azterlan egin zituen, Bidasoa inguruko ur-horniduraren gainekoak, adibidez. Euskaltzain urgazle (1998tik ohorezko), Eusko Ikaskuntza berpizten laguntzaile eta Luis de Uranzu Kultura Taldeko sortzaile izan zen. Euskaraz idatzitako lehen polizia-eleberria idatzi bazuen ere, alde batera utzi zuen gero fikziozko literatura, eta saiakerak idatzi zituen. Euskal jaien inguruko liburua plazaratu zuen 1983an, eta Irun bere aurrerabidean lanagatik Irun Hiria saria eman zioten. Artikuluak idatzi zituen, euskaraz nahiz erdaraz, hainbat aldizkari eta argitalpen zientifikotan

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments