Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (Susa, 2013) eleberria izango du protagonista aurten, Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurketa Etenik Gabearen XVI. edizioak. Bilbo Zaharra euskaltegiak, gainera, 50. urteurrena eta ikasturtearen amaiera ospatuko ditu ekitaldi horrekin. Ekimenaren antolatzaileek adierazi duten moduan, lan horren hautaketaren helburua da, besteak beste, “gaur egun lehen lerroan ari diren emakumezko guztiak omentzea, literaturako ahots eta begirada berriak jasotzea eta klasikoetatik orainera zubia eraikitzea.”
Hala, ekainaren 8an, ostegunarekin, 08:00etatik 14:00etara, Kristalezko begi bat liburuaren irakurketa egingo dute ehunka euskaltzalek Bilboko Arriaga antzokian, eta euskal gizartearen arlo guztietako jendeak parte hartuko du: kultura- eta gizarte-eragileak, ikasleak, irakasleak, erakunde guztietako ordezkariak, elkarteetako kideak, etab. Tarteka, Bilboko institutuetako ikasleak, diasporako kideak eta munduko 50 euskal etxeetako euskara ikasleak irakurtzen agertzen diren bideoak proiektatuko dira.
Miren Agur Meabek 2013ko 111 Akademiaren Saria irabazi zuen Kristalezko begi bat eleberriarekin.