Arantxa Urretabizkaiak 2022ko 111 Akademiaren Saria jaso du

0

Irakurleek Azken etxea lan sarituko pasarteak irakurri dituzte Belar Hostoak taldearen musikak lagunduta

Amasako Hika txakolindegian ospatu du ekainaren 8an 111 Akademiak Arantxa Urretabizkaiari 2022ko 111 Akademiaren Saria emateko ekitaldia. Belar Hostoak taldearen musikak ireki eta itxi duen ekitaldian Azken etxea lan sarituko pasarteak irakurri dituzte Ainara Maia eta Garazi Kamiok, eta Arantxa Urretabizkaiak Ane Jalon Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakariaren eskutik jaso ditu liburu sarituaren ale berezia, larruz enkoadernaturikoa, eta sariaren ziurtagiria.

Saria jaso ostean, Arantxa Urretabizkaiak eskerrak eman dizkie irakurleei irakurtzeagatik. “Nire belaunaldikoak letren munduan hasi ginenean ez genuen ia ezer. Gogoa genuen, hori bai, baina ez genuen argitaletxerik, ez sistema literariorik, ez unibertsitaterik, ezta hizkuntza eredu bateraturik ere. Gogoa genuen, eta ezer gutxi gehiago. Eta orduan, uste genuen etorkizunak ekarriko zizkigula irakurleak, guk ez baikenuen apenas irakurlerik. Ez guk, ez gure aurrekoek. Eta itxaropen hura errealitate bihurtu da, eta orain irakurleak ditugu. Ez hori bakarrik, irakurle antolatuak ditugu. 111 Akademia da horren adibide bat, baita herriz herriz, hasi txikienetik eta handietara arte, dauden irakurle taldeak. Niri hori mirari bat iruditzen zait, sekula espero ez nuen zerbait. Eta mirari hori ez dago nahikoa aztertua. Norbaitek egin beharko luke, aztertu beharko litzateke irakurle talde horien egoera eta bilakaera. Ez dakigu zenbat diren, ez dakigu non dauden, ez daude saretuak, bata bestearengandik 5 km-tara bizita ere ez dute batzuek besteen berri… Iruditzen zait merezi duela arreta mirari horrek, gizartean oso gutxi aipatzen den kontu honek. Beraz, nire eskerrik beroenak irakurleentzat, zuek zaretelako literaturaren sostengu eta helbide. Literaturaren mundu txiki honetan partaide asko gara, argitaletxeak, erakundeak, liburu-saltzaileak, irakasleak, kazetariak, idazleok, baina batez ere zuek. Zuek gabe ez dago ezer, zuek gabe ez dago literaturarik. Beraz, eskerrik asko guztioi”.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments