Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntzaren hirugarren deialdia abiatu du Euskararen Etxeak. Euskarazko kultur emanaldi berriak sortzen laguntzea eta ezagutaraztea eta diziplina eta adierazpide desberdinetako sortzaileen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea du helburu Hi(zki)bridoak laguntzak.
“Aukeratutako lanaren lehenengo emanaldia 2024ko Hi(ZKI)bridoak kultur zikloaren baitan eskaini beharko da eta emanaldiak formatu txikian egiteko modukoa izan beharko du”, adierazi dute Euskararen Etxeko ordezkariek. Hautatutako lanak 3.000 €ko ordainsaria jasoko du.
Lanak aurkezteko epea azaroaren 20an amaituko da eta epaimahaiak abenduaren 18an emango du hartutako erabakiaren berri. Honakoek osatuko dute epaimahaia: Eneko Sagardoy aktoreak, Lutxo Egia idazleak, Haizea Barcenilla arte-kritikariak, Onintza Enbeita bertsolariak eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak.
Ikus hemen oinarriak.
“Hau gerra bat da”
Iaz, Piszifaktoria Ideien Laborategiak aurkeztutako Hau gerra bat da egitasmoak jaso zuen Hi(ZKI)bridoak laguntza. Ikuskizun hori azaroaren 29an aurkeztuko dute Euskararen Etxean, 19:30ean.
Piszifaktoria Ideien Laborategiak aurkeztutako proposamenean jasotzen denez, Hau gerra bat da “murgiltze esperientzia bat da, (…) polifonia erritmiko bat”: “Lau lengoaia izango ditu puzzle honek: hitza, musika, dantza eta mugimendua edo antzerki fisikoa. Rapsoda bat, antzezle bat, dantzari bat eta musikari bat arduratuko dira guztia josteaz”.