Testu feministen itzulpengintza: borrokarako beste tresna bat titulupean solasaldia antolatu du EIZIEk irailaren 26rako. Donostian izango da, Kutxa Kultur Plazan (Tabakalera), 18:00etatik 19:30era, eta Amaia Astobiza, Ana Morales eta Danele Sarriugarte izango dira solaskideak. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango da saioa.
“Azkenaldian feminismoaren alorreko testu asko ekartzen ari gara euskarara, eta, apurka, bagoaz corpus txukun bat osatzen. Edukiei dagokienez, testu horiek erdiguneko zein bazterretako gogoeta eta eztabaida feministak elikatzen dituzte; terminologiari eta diskurtsoari dagokienez, berriz, nola eragiten diote elkarri bi alderdi horiek, hau da, gogoetak eta praktikak, batetik, eta testu-sorkuntzak, bestetik? Itzultzaile gisa, zer baliabide dugu testu idatzietako terminologia bateratzeko? Lortzen dugu mugimendu feministaren hizkuntza-ohiturak jasotzea eta haren gabeziak betetzea?”, hitz horiekin iragarri dute antolatzaileek irailaren 26ko solasaldia.