Irati Irizar lazkaotarrak irabazi du XXVI. Igartza Saria

0

‘Ilargi-kutsadura’ proiektua saritu du epaimahaiak. 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza sariak

Irati Irizar Alvarezek irabazi du XXVI. Igartza Saria. Idazle lazkaotarraren Ilargi-kutsadura proiektua saritu du Irati Jimenezek, Garazi Kamiok eta Aintzane Usandizagak osatutako epaimahaiak. Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak antolatzen duten sariketa honek XXVI. edizioa izan du aurtengoa; euskarazko idazle berriei bultzada ematea du helburu sariketak. Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza.

1990ean Lazkaon jaioa Irati Irizar eta bertan bizi da. Ingeniaria da ikasketaz eta hainbat lanbidetan aritu da: irakasle, haur-zaintzaile, aholkulari, ingeniari. Literaturan, berriz, hauxe izango du lehenengo lana.

Ilargi-kutsadura nobela-proiektuak hainbat hari, giro eta pertsonaia lotzen ditu: Bardeako bazter lehorrak, bertan western filmak egiteko erabilitako dekoratuen hondarrak, OVNI edo OHE direlakoen ikuspenak, sekta bat, Bartzelonatik herrira ilusiorik gabe itzuli den gaztea, munduan batetik bestera dabilen emakume arrakastatsua… Horiek guztiak lotuko ditu nobela iradokitzaile bezain pertsonal honek.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments