Euskarazko sormen digitaleko bekaren bigarren edizioa eta deialdia aurkeztu du Loraldiak

0

Euskarazko sormen digitaleko proiektu bat garatzeko aukera eskaintzen du deialdiak bigarren edizioan. Azarora arte jasoko dira proposamenak eta 10.000€ko ordainsaria izango du.

Loraldiak bigarren urtez aurkezten du sormen beka honen deialdia. Aurreko urtean bezala, kultur sorkuntzaren barruan arlo guztiak onargarriak izango dira: musika, arte eszenikoak, arte plastikoak, dantza, komikigintza, bertsolaritza, gastronomia, rol jokoak, Interneteko baliabideak, audioa … Aurkez daitekeen proposamena diziplina bat edota diziplinen arteko uztarketa izan daiteke.

Bigarren edizio honen onuraduna zein izango den abenduaren 20an iragarriko du Loraldiak. Eta 2024an zehar proiektua gauzatzeko epea izango du. Proiektu berri hau ingurune digitalean gauzatu behar bada ere, aukera dago esparru analogiko eta fisikoan ere emanaldi batean gauzatzeko. Horretarako aukerarik sortzekotan, Loraldia festibalean aurkeztuko litzateke.

Bekaren eskaria eta proposamenen aurkezpena banaka edo taldeka egin daiteke eta Loraldiaren webgunean ezarrita dago prozedura.

Azaroaren 20ra arte jasoko dira proposamenak eta epaimahai profesional batek aukeratuko du zein izango den bekaren onuraduna. Behin erabakia hartuta, bekadunak urte bateko epea izango du lana garatzeko. 2025eko Loraldia Festibalean aurkeztuko da emaitza.

Lehenengo edizioko irabazlea: Gorputza atzean utzi

Proiektu honen helburu nagusia gorputzaren gaia bere dimentsio sozial, teknologiko eta politikoarekin erlazionatuta jartzea da. Gorputza eta teknologia uztartzen duen proiektu honek bilaketa bat planteatzen du: gorputza eta gero zer? Eta oinarrizko galdera batetik abiatzen da: datu huts bihurtuta… gizaki gara oraindik ere? Narrazio klasikoetan bezala, hemen ere norbaitek bidaiatzeari ekiten dio… baina oraingo honetan gorputza atzean utzita.

Gorputza atzean utzi egitasmoaren arduradunak EHU-UPVko irakasle talde bat dago: Josu Rekalde, Katixa Agirre, Enrike Hurtado, Izarne Oyarzabal eta Patxi Azpillaga. Formatu artistiko anitzak uztartuko ditu eta bakoitzak dimentsio desberdina ematen dio ohiko fisikotasuna gaindituko duen gorputzari, bai ahotsa eta literaturarekin, bai soinu eta irudi digitalarekin. Hari narratiboa Katixa Agirrek idatziko du gorputza eta posthumanismoaren inguruan.

Proiektua zuzeneko lan performatibo bat, partitura polifoniko baten edo pista anitzeko banda baten egitura izango duena, non disziplina artistiko ezberdinak ikus-entzunezko dispositibo digital baten inguruan uztartuko diren.

Ikus hemen bekari buruzko informazio gehiago.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments