Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar fundazioak literatura sorkuntza lagundu asmoz antolatzen duten EKE-Elkar Literatura Bekaren 2023ko irabazlea Idoia Rodriguez Mondragon donibandarra izan da. Hala erabaki du Mirentxu Ibargaraik, Mayi Saint Estebenek eta Marie-Andrée Ouretek osatutako epaimahaiak.
Ipar Euskal Herriko euskarazko literatura sorkuntza sostengatzeko asmoz, Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar Fundazioak “EKE-Elkar literatura” izeneko beka bultzatu zuten 2021ean. 2000. urtean sortu Gazteluma saria ordezkatzen du eta euskaraz idazten duten ipar Euskal Herriko idazle guziei zuzendua da. Gazteluma bezala, hau ere bi urtetarik behin iragaiten da ipar Euskal Herriko sorkuntza literarioa sustatzeko asmoarekin, era berean talendu berriak eta sorkuntzaren aniztasuna nahiz aberastasuna argitan emanez. 2021ean Adur Larreak zuen irabazi lehen beka.
6000 euroko beka hori euskaraz sortzen duten Ipar Euskal Herriko autoreei zuzendua da. Diru zama honen bidez, egileei beren sorkuntza prozesua baldintza onetan eramateko aukera eskaini nahi zaie, ondotik argitaratua izanen den lan baten sortzeko gisan.
2023ko deialdiarentzat hautatu literatura generoa nerabeentzako narrazioa izan da. Epaimahaiak azpimarratu du bigarren edizio honetan kalitate handiko proposamenak jaso dituztela.
Idoia Rodriguezen proposamenak 15 urteko Euri izeneko neska gazte baten bizipenak, ametsak, gogoetak, fikziozko eguneroko batean kontatuko ditu, umorez jositako narrazio batean. Aurreikuspenen arabera, argitalpenak 2024ko udaberrian ikusiko du argia.
Rodriguez irakaslea da, Euskara eta Letra modernoetan bi CAPES-duna, eta 2016an “États de crise” izeneko liburua plazaratu zuen autoedizioan.