Elkar argitaletxeak irailaren 21erako iragarri du Artxipelagoa komikiaren aurkezpena. Goizeko 11:00etan Fermin Kalbeton kaleko Elkarren egingo duten aurkezpean izango dira komikiaren egile diren Etxeberria anaiak, Sanvi eta Sedyas eta Xabier Mendiguren editorea.
Artxipelagoa
2103, kontinente gehienak ur azpian daude. Berotze globalak eta poloen urtzearen azelerazio bortitzak itsas mailaren igoera bizkorra eragin dute, ustekabean iritsitako Hiru Olatu Handien bidez.
Tsunami honek, herrialde osoak ez ezik, domino efektu azkar batean  telekomunikazioak, nekazaritza edo energia ekoizpena deuseztu ditu. Bizirik irautea lortu dutenek baliabide gutxiko eszenatoki berri eta zatikatu batean nabigatu behar dute. Garai ilunak, non Germaniar Konfederazioa edo Ipar Afrikako Liga bezalako potentzia berriak sortuko diren, ur azalean geratzen den Europa konkistatzeko prest.
Jare, ezkutuko botereak dituen Euskal Artxipelagoko neska gaztea, oreka zaharrak hautsi eta aliantza berriak sortu nahian dabilen konplot arriskutsu batean murgilduko da ustekabean.
EITBrentzat egindako izen bereko podcast istorioan oinarritua.