Aurtengo Lizardi Saria eman gabe uztea ebatzi du epaimahaiak

0

“Zarauzko Udalak antolatutako Lizardi Sariaren 42. edizioa irabazlerik gabe gelditu da aurten”. Halaxe jakinarazi berri du Zarauzko Udalak. Zazpi lan aurkeztu dira, baina epaimahaiak saria eman gabe uztea ebatzi du, “aurkeztutako lanek sariketa honek urteetan izandako mailari eusteko beharrezko kalitaterik ez dutelako”.

Zarauzko Udalak jakitera eman berri duenez, epaimahaia osatzen duten Alex Gurrutxagak, Castillo Suarezek eta Nerea Loiolak erabakiaren nondik norakoak azaldu dituzte ohar baten bidez. Ohar horretan diote edizio honetan aurkeztu diren lan guztiak irakurri eta aztertuta, saria eman gabe uztea erabaki dutela: “42. deialdi hau gazte literaturari zegokion. Guztira zazpi idazlan aurkeztu dira eta, epaimahaiaren ustez, ez dago horien artean saritzeko moduko literatur maila erakusten duenik”.

Honela jarraitzen du epaimahaiaren oharrak: “Lizardi Sariak lan bikainak saritzea du helburutzat. Atzera begira jarriz gero, nabarmena da egun puntakotzat ditugun hainbat idazleren lanek irabazi dutela sari hau 80ko hamarkadatik. Are gehiago, berriki Espainiako Sari Nazionala eskuratu duen Patxi Zubizarretaren Zerria lanak ere Lizardi Saria irabazi zuen orain bi urte. Ildo horri eutsiz, epaimahaiak uste du sariak kalitate literario handiko lanak bakarrik saritu behar dituela, balio estetiko altua dutenak, eta literatur pieza aberatsak izango direnak haur eta gazteentzat”.

Aurtengoan saria eman gabe geratu arren, epaimahaiak espero du “datozen urteetan haurrentzako eta gazteentzako lan ederrak aurkeztea euskal idazle eta sortzaileek”.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments