Elkar argitaletxeak urriaren 3rako iragarri du Uxue Alberdi idazleak eta Begoña Durruty ilustratzaileak elkarrekin ondu duten Belarriko kilkerra liburuaren aurkezpena: goizeko 11:00etan izango da Donostiako udal liburutegik sotoan, eta Alberdik eta Durrutyk Antxiñe Mendizabal editorea izango dute bidelagun.
Belarriko kilkerra
Inoizko informazio trafiko handiena duen gizartean, eskas ditugu elkarri istorioak kontatzeko lekuak eta momentuak. Ahozkotasuna, memoria eta transmisioa dira liburu honen funtsa eta helburua.
Ahoz kontatu eta belarriz jasotako testuak dira liburu honetakoak, ahozkoak idatzira ekarriz, ahotsa begira, belarrikoa paperera. Entzuten dakienari kantatu ohi dio kilkerrak, eta badaki errepikapena dela ipuinen funtsa, belarritik ahora eta ahotik belarrira bizi delako kontakizuna. Behin kontatuta erretzen den istorioa ez da istorio ona; denborak borobildu egiten ditu ahoan erabilitako kontuak, urak errekarriak borobiltzen dituen bezala. Belarritik sartzen diren ipuinak urre pipitak dira literaturaren erreka zaharrean, geroz eta bakanagoak.