Iruñeko Kondestablearen jauregian, urriaren 28a, azaroaren 11n eta 25ean, Hitzen Mintegia euskarazko literatur tailerrak antolatu dituzte.
Ekimenaren xede nagusia egile berriek euskarazko literatura sor dezaten sustatzeko baliabideak eskaintzea da, baita idazleek elkar ezagutu eta prozesu eta dinamiken jabe egitea ere. Parte hartu nahi dutenek izena aldez aurretik eman behar dute. Ez da nahitaezkoa hiru saioetarako izena ematea, tailer bakar batean, bitan edo hiruetan parte har daiteke.
Guztira hiru tailer eskainiko dituzte: urriaren 28an, Literatur testuak lantzeko baliabideak gaiaz arituko da Nerea Loiola. Testuak lantzeko eta hobetzeko baliabideak eskuratzea izango da ikastaroaren helburu nagusia.
Azaroaren 11n, Idazketa irakurketatik abiatuta izenekoa landuko du Patxi Zubizarretak. Lantegiaren asmoa irakurtzearen plazeretik, gogoko testuak hartu, eta nork bere testuak idazteko gogoa bideratzea izango da.
Azkenik, azaroaren 25ean, Poesia eta sormena lantzen izeneko tailerra emango du Aritz Gorrotxategik. Poesiara hurbiltzeko eta hari beldurra galtzeko ikastaroa da hori.
Ikus hemen egitaraua osorik.