Liburu denden egunarekin bat eginez ospatu du Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak Zilarrezko Euskadi sarien banaketa, eta aurten Miriam Lukik jaso du saria euskarazko kategorian Argialdiak ipuin liburuagatik. “Egoera eta giro ezagunak sortzeko” erakutsi duen trebeziarengatik eta haren “estilo berezi eta zorrotzarengatik” erabaki dute idazle urretxuarrari saria ematea.
Gaztelaniazko kategorian Juan Tallon galiziarrarentzat izan da saria Obra maestra eleberriagatik.
Donostiako Hontza liburu-dendan banatu dituzte sariak azaroaren 6an.
Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak urtero ematen ditu sari hauek. Aukeraketa Gipuzkoako liburu-dendek bidalitako proposamenen arabera egiten da. Gainera, hirugarren sari bat ere bada, Komiki eta Liburu Ilustratuen kategoria. Aurten Nadarek irabazi du, Fatty, El primer rey de Hollywood eta Transitorios liburuengatik.