Baztango Udalak, (H)Ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak 2024ko (H)Ilbeltza bekaren deialdia egin dute: euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko xedea du beka honek.
“Deialdi honetan itzulpena da lagunduko duguna eta, zehazki, Núria Cadenes idazle katalanaren Guillem eleberriaren itzulpena. Parte hartu nahi duenak eleberriaren lagin bat itzuli beharko du, ilbeltza.eus, baztan.eus eta txalaparta.eus webguneetan izanen dena eskuragarri”, azaldu dute antolatzaileek.
Beka 6.000 eurokoa izango da eta bi zatitan emango da.
Laginak 2024ko martxoaren 8a baino lehen aurkeztu behar dituzte parte-hartzaileek Baztango Udaleko erregistroan, eta apirilaren 30a baino lehen emango dute ezagutzera dute irabazlearen izena. Epaimahaiko kideak honakoak izango dira: Baztango Udalaren ordezkaria, Fernando Anbustegi; Txalaparta argitaletxearen ordezakria, Garazi Arrula Ruiz; eta (H)Ilbeltza elkarteak izendatutakoa, Beñat Irastorza.