Txalaparta argitaletxeak Fred Vargasen ‘Altxa, hildakoak’ argitaratu du euskaraz

0

Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko (H)Ilbeltza elkarteak, Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak urtero antolatzen duten (H)Ilbeltza bekaren VI. edizioa irabazi zuen Beñat Irastorza ordiziarrak, eta sari horren emaitza da argitaletxe nafarrak 2024 honen hastapenetan argitara eman berri duen Altxa, hildakoak liburua, Fred Vargasek idatzia eta Irastorzak euskarara ekarria.

Sinopsia
Ager al daiteke pago bat egun batetik bestera, gau bakarrean, inork hura landatu gabe? Halaxe gertatu da Sophia Siméonidis kantari ospetsuaren lorategian, eta ordutik ez du lorik egiten. Egun batzuetara desagertu egiten da Sophia, gainera, nahiz eta bere senarrak kezkarik agertu ez. Asperdurak, ikertzaile senak eta gertaera latz batzuek akuilaturik, alboko etxe kalamastrako hiru bizilagun historialariek, Vandoosler polizia ustel ohiak lagundurik, pagoaren sustraiak arakatuko dituzte, urteek gorrotoz eta jelosiaz gizenduak.

Fred Vargas
Frédérique Audoin-Rouzeau, Fred Vargas luma izenez, historialaria eta eleberrigilea da. Historia ikasketak egin zituen eta arkeozoologian espezializatu zen, hau da, inguru arkeologikoetan agertzen diren animalien aztarnen ikerketan. Horri loturik, 2003an Izurri Beltzari buruzko saiakera zientifikoa idatzi zuen, Les Chemins de la peste, le rat, la puce et l’homme. Bere formakuntzaz aritzean, etxekoak ditu maiz ahotan: aita Philippe Audoin du, idazle surrealista; ahizpa bikiarengandik hartu zuen abizena, Jo Vargas pintorea bera; eta anaia ere historialaria du, Stéphane Audoin-Rouzeau, Lehen Mundu Gerran espezialista. Ezkerreko militante eta alderdi ekologisten alde atera izan da publikoki. Ibilbide literarioari dagokionez, 1986an argitaratu zuen lehen polizia eleberria, Les Jeux de l’Amour et de la Mort, Cognac Jaialdian saritu zutena. Ordutik, hamarnaka eleberri beltz argitaratu ditu, Jean-Baptiste Adamsberg komisarioaren seriea izanik ezagunena, eta komikietarako gidoiak ere egin ditu.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments