Urtarrilarekin batera, badator aurten ere (H)Ilbeltza. Urtarrilaren 22tik 28ra egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astearen hamargarren edizioa Baztan bailarako Arizkun, Aniz, Elizondo, Irurita, Erratzu eta Berroeta herrietan. Genero beltzeko liburuen aurkezpenak, solasaldiak eta mahai-inguruak, eta bestelako kontu bereziak ere izango ditu aurtengo egitarauak, hala nola, bertso trama beldurgarriak, Miranderi buruzko dokumental bat, susmagarrien gaua, eta abar.
Horietako batzuk aipatzearren, VI.(H)ilbeltza bekaren irabazleak, Beñat Irastorza Ugaldek Altxa, hildakoak Fred Vargasen eleberriaren itzulpenaren inguruko solasaldia egingo du hilaren 22an Arizkungo Medikuaren etxean, eta Jon Alonso Carvalho Euskadin liburuaren inguruan solasean ariko da urtarrilaren 25ean Berroetako Gure ametsa elkartean.
Hilaren 27rako, larunbaterako, Sorgin-ehiza Euskal Herrian mahai-ingurua antolatu dute Elizondoko Arizkunenea kultur etxean: Amaia Nausia Pimoulier, Asisko eta Juainas Paul Arzak izango dira hizlariak Ane Eslava gidari dutela. Eta azken egunean, igandearekin, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Saioa Alkaiza bertsolariak Elizondon bertan izango dira Izu-gar-irrizkoa bertso saioan Amaia Agirre gai-jartzaile dutelarik.
Ikus hemen egitaraua osorik.