‘Independentzien eguzkia eta ‘Arrabioen gerra’ aurkeztuko ditu Ereinek otsailaren 6an

0

Erein argitaletxeak otsailaren 6rako iragarri du Ahmadou Kouroumaren Independentzien eguzkia eta Karel Capeken Arrabioen gerra liburuen aurkezpena. Kourouma bolikostarraren lana Aiora Jakak ekarri du euskarara, eta Kapek txekiarrarena, Koro Navarrok. Donostiako Udal Liburutegian izango da aurkezpena goizeko 10:30ean, eta bi itzultzaileekin batera bertan izango dira Aitziber Atorrasagasti Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaria, Manu Lopez Gaseni EIZIEko lehendakaria eta Inazio Mujika Iraola Erein eta Igela argitaletxeetako ordezkaria.

Bi lan horiek Literatura Unibertsala bildumaren baitan argitaratu dira.

Independentzien eguzkia
«Erritmo narratibo afrikarrera egokitzen dut hizkuntza […]. Liburu hau afrikarrei zuzentzen zaie. Malinkeraz pentsatu nuen eta frantsesez idatzi, naturaltzat jotzen dudan askatasun bat hartuz hizkuntza klasikoarekiko […]. Zer egin nuen? Besterik gabe, nire izaera askatu, nire pentsamendua adierazteko zurrunegia zitzaidan hizkuntza klasiko bat itxuraldatuz. Beraz, malinkera frantsesera itzuli nuen, hizkuntza frantsesa hautsiz erritmo afrikarra berraurkitzeko eta berreraikitzeko. Estilo malinke bat sortzen ahalegindu nintzen. Malinkeraz hausnartzen nuen, eta saiatzen nintzen aurkezten nola hautematen zuen malinke batek gertaera jakin bat, nola agertzen zitzaion bere gogoan. Malinkeraz pentsatzen nuen, eta kontua zen gero malinkeraz egindako arrazoiketa intelektual hori berritzultzea, transmititzea».

Arrabioen gerra
Gizakiaren ondoan, oso maila altura heldu dira Capeken arrabioak, haren kultura eta usadio asko bereganatuta. Itsusiak dira, baina ausartak eta langile amorratuak, eta itsasertzetako txokoetan bizi dira, marrazoetatik babesean. Van Toch kapitainak aurkitu zituen Indonesiako uharte urrun batean, jakin zuen munduak haien berri, eta liluratuta geratu zen. Baina gure musker xarmagarriak, gizakiaren esklabo bihurtuta, matxinatu egin dira. Izan ere, aurrera eginez beti, ikaragarri ugaldu eta zabaldu dira, inperialismoa eta nazionalismoa ezagutu dituzte, gero eta zati gehiago kentzen diote Lurrari: gizakia menderatuko ote dute? Imitatuko ote dute beren burua suntsitzeko bulkadan ere?
Arrabioen gerra zientzia fikzioko klasiko handi bat da. Bigarren Mundu Gerraren bezperan idatzia da, Txekoslovakian, eta, liburuaren ezaugarri nagusietako bat den umoreagatik ere, agerikoa da hondamenaren itzala. Zoritxarrez, ordea, ez du batere gaurkotasunik galdu, eta orain eta hemen ere irakurtzekoa da.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments