Balea Zuria argitaletxeak martxoaren 15erako iragarri du Gorka Salcesen Airemortuak poesia-bildumaren aurkezpena: eguerdiko 12:00etan izango da Donostiako Udal Liburutegiko Mandasko Dukearen aretoan, egilea bera eta argitaletxeko ordezkariak bertan direlarik.
Hainbat literatur lehiaketetan sariak jaso eta gero, Iraganaren izterrak poema-liburuarekin eman zuen bere burua ezagutzera letren munduan Gorka Salces portugaletarrak. Lan hark DK Poesia Saria irabazi zuen 2018an. Sei urte geroago dator bigarrena, Airemortuak. Orduko lanaren ertzak finduz eta helduago datorkigu oraingo honetan Salces, giro apokaliptikoz, kritika sozialez, edertasunez eta gurasotasunari eta belaunaldi artekotasunari buruzko hausnarrez beteta maleta. Lau ataletan banatuta dator liburua: Baby blues, Udaminaren logalea, Etziko enbatak eta Overbooking. Badaki egileak intimoa izaten, eta badaki, halaber, belaunaldi baten ahots bihurtzen, gizartean gertatzen denari begiak erne. Pandemiak utziko ondorioak eta isolamenduaren areagotzea ere oso presente daude liburuan, baita albiste-eskaletak eta porrotaren zentzua ere. Gai da zurrunbiloan murgiltzeko eta hartatik landa sosegua bilatzeko ere, uda minaren altzoan, hondartza galdu batean gorputz epelen lurrinean.
Egun, historiako irakaslea da bigarren hezkuntzan, eta Radio Euskadiko Hágase la luz saioan kolaboratzen du, bi astean behin. Durangoko Azokako I. Sormen Beka jaso zuen Atopiarpg euskarazko rol jokoaren garatzaileen taldeko kide izan zen. Euskaraz propio sortutako lehenengo rol jokoa izan zen.