Giza izaera, indarkeria eta justizia ardatz dituen Barkamena existituko balitz bezala eleberria kaleratu berri du Erein argitaletxeak. Mariana Travacio idazle argentinarrarena da nobela, eta Fernando Reyk ekarri du euskarara. Martxoaren 18rako iragarri dute aurkezpen ekitaldia: Mariana Travacio bera (on-line), Fernando Rey itzultzailea eta Inazio Mujika editorea izango dira bertan.
Barkamena existituko balitz bezala
Eleberriak giza izaera, indarkeria eta justizia ditu muin. Gorroto trinkotuei eta haiekin loturiko mendekuei buruzko istorio bat da, western paisaien unibertso batean gertatzen dena, lur mortuetan aditzen diren pauso-hotsak inguruan. Kontakizunaren tramak mantso egiten du aurrera eta gauza askotarako denbora uzten du: lurraz gozatzeko, eguzki kiskalgarriaren pean ipar-haizearen bultzada eta izerdi-tanten jarioa sentitzeko. Kontakizunaren hasieratik susmatzen dugu tragedia hurbil dela, nahiz eta ezin dugun jakin nolakoa, zenbaterainokoa. Eta aurrera goaz, dena lehertzen den arte.
Istorioa klasikoa da beharbada, baina Mariana Travaciok sentsazio sare indartsua ehundu du unibertso oso bat eraikitzeko: sakon-sakona, soila irudituagatik, eta harrigarri eta lazgarria, Comala oroitarazten diguna, baita Juan Rulforen sinbolismoa ere.
Mariana Travacio
Rosarion sortu, haurtzaroa Brasilen eman, eta gaur egun Buenos Airesen bizi da. Psikologia ikasi zuen Buenos Airesko Unibertsitatean, eta gero bertan aritu zen irakasle, Psikologia Forentseko Katedran. Magister da Sormen Idazketan «Tres de Febrero» Unibertsitate Nazionalean, eta frantseseko eta portugeseko itzultzailea da.
Haren ipuinek sari ugari jaso dituzte, nazionalak zein internazionalak, eta herrialde askotako aldizkari eta antologietan eman dira argitara: Argentinan, Uruguain, Brasilen, Kuban, Espainian eta Ameriketako Estatu Batuetan. Hainbat liburu ditu argitaratuak eta hizkuntza askotara itzuliak. Kontakizun liburuak: Cotidiano (2015), Cenizas de Carnaval (2018) eta Me verás caer (2023). Eleberriak: Barkamena existituko balitz bezala (2020) eta Quebrada (2022).